Herri Eguneko ekintzak normaltasun osoz ospatuko dira aurten

Maider Arregi 2022ko ira. 28a, 10:00

Guztira, 34 sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera izango da Herri Egunean. Gainera, Aramaioko Iturrieta sagardotegiak lehen aldiz parte hartuko du.

Herri Eguna da, zalantzarik gabe, herriko baserritarrei, nekazariei eta artisauei aitortza egiten dien Oñatiko jaietako egun nagusia. Aurtengoak 2019an izandakoaren parte hartze kopuru berdintsua izango duela aurreratu dute antolatzaileek, eta 10:30etik aurrera Unibertsitate inguruan, Klaustroan eta Irunberri plazan batuko dira guztiak. Hala, ganadu feria, barazki eta lore azokak, artisau azoka eta gazta lehiaketa gertu dituzte antolatzaile den Oñatiko Udalak eta baserritarrekin harremanenetan jardun duen Nekazarien Elkarteak.

Ganadu eta barazki azokak

2019an egindako moduan datoz aurtengo ganadu eta barazki azokak, eta baita herriko gazta lehiaketa ere. "Parte hartzeari dagokionez, Herri Egunean izango diren baserritarren kopurua handia da, eta 2019koaren parekoa izango dela esan daiteke. Badago kanpotik datorrenen bat edo beste, baina ia den-denak Oñatiko baserritarrak dira. Besteak beste, bederatzi behi, 43 behor, bi zaldi, poneyak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, euskal oiloak... izango dira erakusgai urriaren 1eko ferian", azaldu du Nekazarien Elkarteko presidente Iñigo Ezkibelek.

Baliteke, ordea, herritarren artean harridura sortzea Unibertsitate aurrealdeko berde- guneko ganadu ferian egongo den behi kopuru txikiak –bederatzi, guztira–. "Aurten, beste urteekin alderatuta, behi kopuru txikiagoa izango dugu, behiak ekartzeko baldintzak zorrotzagoak baitira gaur egun. Horrenbestez, nobedadea hori izango litzateke, behi gutxiago izango direla ferian; aitzitik, zenbait kasutan gainontzeko ganadu kopurua handiagoa ere izango dela nabarmendu nahiko nuke", argitu du Ezkibelek.

Barazki azokari dagokionez, bi postu egongo dira: Oñatiko Murgia auzoko Ortuzabala eta Zubillagako Elkarzabal elkarteek jarriko dituztenak, hain zuzen. Halaber, "izugarrizko" postuak ez direla izango aurreratu dute; izan ere, lehortearen eta tokatzen den sasoiaren ondorioz, ortuan dauden produktuak izango dituzte erakusgai. Bestalde, aurten ez da fruta posturik egongo. "Aurreko urteetan fruta postu bakarra izan da Herri Egunean eta aurten ezin izango dela etorri esan digu".

Gazta lehiaketa

Gazta lehiaketari dagokionez, iaz, herriko 15 gaztagileren gaztak dastatzeko aukera izan zuten herritarrek pandemia zela-eta plaza inguruan jarritako karpa handian. Irabazlea, berriz, Urzelai baserriko Juanito Urzelai izan zen. Aurten, ohiko formatura itzuliko da gazta lehiaketa, eta, oraingoz, herriko zazpi gaztagilek eman dute parte hartzeko izena. "Egunean bertan izena eman ez dutenek ere parte har dezakete; hau da, goizeko bederatzietarako gazta aurkeztuz gero, aukera izango dute. Espero dugu hamar parte hartzailera iristea. Iazko parte hartzaile kopurua oso handia izan zen, eta ez da ohikoena, oso zaila baita herriko 15 gazta ezberdin batzea, eta ez da normalena horrelako azoketan. Gaur-gaurkoz, zazpik eman dute izena". Nabarmendu beharra dago sari bana- keta 13:15ean egingo dutela.

Taloen taberna zerbitzua

Aurten ere Irunberri plazan jarriko duten Herri Eguneko taberna kudeatzearen eta taloak egin eta zerbitzatzearen ardura Ezker Abertzalearena izango da; izan ere, Herri Eguneko txosna kudeatzeko aurkeztu den herriko talde bakarra izan da.

Artisauak

Unibertsitateko Klaustroa sortzaileen eta artisauen topaketa-gune izango da. Hala, herritarrek askotariko artisau-lanak ikusteko edota erosteko aukera ere izango dute, 10:30ean hasita.

Sagardo dastaketa

Eguerdiko hamabietan, Herriko Plazan, 34 sagardogileren uzta dastatzeko aukera izango da. Tartean, lehenengoz izango da Aramaioko Iturrieta sagardotegiko aurtengo uztaz gozatzeko aukera. Oñati plaza oso ona dela aitortu du Iturrietako Juanjo Peciñak: "Ilusioz eta gogotsu gaude lehenengoz Oñatin egoteko. Konturatu gara azken urteetan oñatiar asko etorri dela gure sagardotegira eta Debagoienean ere ezagutzen gaituztela; ohartu gara ere garrantzitsua izango dela Herri Eguneko sagardo dastaketan presente izatea. Aukera polita izango da, Oñatiko sagardo azoka oso potentea delako".

Iazko sagar-uztarekin egindako 2022ko sagardoa izango dute oñatiarrek dastatzeko aukera. "Orain, aurtengo sagarrak prentsatzen ari gara, eta urtarrilera arte ezingo da probatu. Herri Egunean, beraz, 2022ko sagardoa eramango dugu. Sagardo desberdinak izango dira dastagarri; batetik, sagar- do arrunta deritzoguna, hau da, jatorri izena daramana eta ekologikoa dena. Bestetik, sagardo aparduna ere badaukagu; bi urte daramatzagu mota horretako sagardoa egiten, eta oso pozik gaude. Horrez gain, haurrendako muztioa ere izango dugu". Sagardogile bakoitzak, guztira, zortzi kaxa sagardo eramango ditu, 96 botila, herritarrek sagardotegi bakoitzaren dastaketa egin dezaten; 3.264 botila, zehazki.

Herri bazkaria

Zubikoa kiroldegian herri bazkaria egingo da, 14:30ean. Baz- karira joateko sarrerak salgai daude Izarraitzen, Arranon, Olakuan, kultura etxean eta Batzokian. Prezioa 20 eurokoa da helduendako eta 12 eurokoa haurrendako. Txartelak erosteko azken eguna hilaren 28a da.

Herri kirolak

Ohi moduan, zapatu arratsaldea herri kirolei eskainiko zaie. Plazan, 16:30ean, gaztetxoendako herri kirol probak egongo dira, eta, ondoren, Gipuzkoako Aizkolari Txapelketako final handia, 18:00etan hasita –eguraldi txarra eginez gero, Zubikoako pilotalekuan–. "Aspaldidanik nahi genuen horrelako txapelketa antolatu. Julen Alberdi Txikia, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza, Iñaki Asurmendi, Eneko Otaño eta Suharri Rodriguez, iaz lehen mailara igo zena, izango dira Gipuzkoako Aizkolari Txapelketako finalean", kontatu du Anjel Villar antolatzaileak.

Egunari amaiera borobila emateko, plazan Gora Herria taldearen erromeriaz gozatzeko aukera izango da, 20:00etan eta 22:30an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak