Zezensuzkoaz eta su artifizialez harago, Euskal Herrian ez dira oso ohikoak izaten su ikuskizunak, baina, dena den, badaude. Horren adibide da, esate baterako, Lekittoko Deabruak. Suarekin batera, musika eta antzerkia uztartzen dituzte, eta horrela egingo dute Oñatiko jaietan ere. Deabruak gara, Som diables lana aurkeztuko dute urriaren 2an, 22:30ean.
Ikuskizunaren berezitasunak azaldu ditu Gorka Rodriguez taldekideak. "Dudarik gabe, zuzeneko musika da horietako bat, musika jartzaile batek jarriko duena bozgorailuetatik". Doinu horiek, batez ere, euskaldunak izango dira, baina baita kataluniarrak ere; hala nola Huntza eta Esne Beltzaren abestiak entzuteko aukera egongo da. Kalejira bat egingo dute lehendabizi, eta plaza nagusian amaituko dute jaia.
Taldearen bosgarren ikuskizuna da Oñatin egingo dutena. Lehena 2012an estreinatu zuten, Mingorri, urte hartan ekin baitzioten bideari.
Hamarkada bat betea
Hamar urte beteak ditu, beraz, taldeak, eta Rodriguezek jakinarazi du herriz herri ari direla ospatzen, ikuskizunak egiten. 10 urtez 11 sugar lelopean ekintzak ari dira egiten Lekeition (Bizkaia). Are, aurreratu du hamar urteotako ibilbidea laburtzeko dokumental bat ere badutela esku artean, eta abenduan aurkezteko asmoa dutela herrian bertan.
Izan ere, Lekeition eman zituzten lehen pausoak, eta Rodriguez izan zen sustatzaileetako bat. Han egiten den kale antzerkiko jaialdian liluratu zen: "Laguntzen aritzen ginen, eta baziren su ikuskizunak egiten zituzten talde kataluniarrak, frantsesak... Beraiekin parte hartzeko aukera izaten genuen, eta antzerki mota horrek zoratu egin ninduen". Aitortu du buruan dituen proiektuak gauzatu ohi dituen pertsona bat dela, eta horrela egin zuela oraingoan ere, antzerkian interesa zuten batzuk elkartuta.
Ordutik, lan horretan dihardute, eta, egun, 22 pertsonez osatuta dago taldea. Gazte batzuk sartu ei dira, eta, gainera, badituzte proiektu berriak esku artean ere. Euskal Herriko perkusio talde handienetako batekin dabiltza lanean ikuskizun berri bat sortzeko, era horretan, zuzeneko musika "indartsuari" garrantzia emateko.
Bitartean, ordea, orain artekoarekin jarraituko dute. Beraz, horretaz gozatu nahi duenak Oñatin edukiko du aukera, baina taldekideak ohartarazi du parte hartzeko "egoki" jantzita joatea komeni dela: praka luzeak eta jertsea edo txaketa bat; ahal dela, bakeroa. Horrez gain, txapel bat eta zapi bat.