Herriko xehetasunetan arreta jarri duten irudiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 27a, 10:00
'Oñati begi bistan 2021' erakusketaren argazkietako bat, Usakon. ILUNPETAN ARGAZKI TALDEA.

Koloretan dauden hamalau irudik osatuko dute aurten 'Oñati begi bistan' erakusketa. Ilunpetan argazki taldeko hiru kideren lanak dira, eta jaiak iraun bitartean egongo dira ikusgai herriko plazan. Ostean, zozketa egingo dute argazkiak banatzeko.

Ilunpetan argazki taldeak Oñati begi bistan erakusketa antolatu du, beste urte batez, herriko plazan. Oñatiko askotariko aspektuak irudikatzea du asmo, eta, aurten, xehetasunetan jarri dute arreta, Iñaki Idigoras taldekidearen arabera. "Sarri ohartzen gara gure inguruan ditugun gauza handietan, baina tarteka egoten dira txikiagoak ere; pintaketak edo eraikin baten ertza, esaterako". Bada, xehetasun horiek hamalau argazkitan irudikatu dituzte, eta hilaren 27tik jaien amaierara arte egongo dira ikusgai plazako zutabetan.

Orotara, hiru lagun aritu dira jardun horretan. Irudi horietako batzuk elkarrekin atera dituzte, baina ibili dira norbere kasa ere. "Koloretako argazkiak dira, lagundu egiten dutelako xehetasunetan sakontzen". 75x50 neurriko panel batzuetan itsasten dituzte, eta azpialdean bertso bana izaten dute.

Bertsoak lagun

Izan ere, Txinparta bertso eskolakoek ere hartu dute parte erakusketan, beste edizio batzuetan bezala. Hain justu, bertako bertsolarien ardura izango da argazkiei hitzak jartzea. "Batzuetan, bertsoa ez dator bat argazkilariok ikusten dugunarekin, eta horrek agerian uzten du norbere esperientziaren arabera nola eragiten duen irudi batek bakoitzarengan". Idigorasek uste du hori "interesgarria" dela, eta, agian, hitz batzuek baino "bide gehiago" ematen dutela irudiek interpretaziorako.

Argazki horiek eskuratzeko aukera ere egongo da, gainera. Zozketa egin ohi dute urtero erakutsitako argazki guztiak banatzeko, erretratuak egin izan dituztenetan salbu; horrelakoetan, modelo lanak egiten aritu diren pertsonei eman izan diete argazkiak. Hala ere, aurten, xehetasunak izanik, taldekideak jakinarazi du zozketa bidez banatuko dituztela.

Are, erantsi du azken bi urteetan Udaleko Euskara Zerbitzuak eginiko egutegietan erabili izan direla irudi berberak, eta, aurten, ezer zehaztuta ez badute ere, planteamendu berbera egon daitekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak