Jaiek iraun bitartean, egunero egongo da doako eta zuzeneko musika kalean, gaurtik bertatik hasita. Hain justu, euskal talde ezagun bat, Bilboko Zea Mays, arduratuko da sanmigelen baitako lehen mokadua eskaintzeaz. Kontzertu hori gaurko bertarako, hilak 23, dago programatuta, Foruen plazan, 23:00etan hasita. Aiora Renteria abeslaria buru duen laukotea udaberria ezkero dabil Zea Maysen mende laurdeneko biran buru-belarri murgilduta, eta bereziki udan zehar plazaz plaza aritu ostean, Oñatira ere etorriko dira euren kantu mitiko eta berrienak partekatzera. Era berean, Irunberri plazako txosnagunea gaur irekiko denez, gauerditik aurrera DJ Sargorik jarritako doinuek girotuko dute karpa.
Biharko, zapatua, herri bazkaria antolatu du Txosna Batzordeak, Kulturartekotasunaren Egunaren barruan, eta bazkalostea musikaz girotutakoa izango dela aurreratu dute kideek. Gainera, 17:00etan hasita, herrialde askotariko dantzak ezagutu eta probatu ahalko dira bertan. Ildo beretik, gauean, 22:00etan hasita, erritmo kubatarrekin dantzan jarriko dituzte txosnara bertaratzen diren festazaleak La Jodederako musikariek. Amaitzean, DJ Keneth-ekin jarraituko du jaiak.
Asteari ginga jartzeko, berriz, sanmigeletan hutsik egiten ez duen herriko txistulari taldeak egunotako lehenengo goiz-eresia egingo du domekan, 09:00etan hasita, erdigunean zehar.
Irailari agur alaia
Eguaztenean berriz entzungo dira estilo guztietako musika-tresnen hotsak. 19:30erako, Urolatarrak txaranga gonbidatu du Txosna Batzordeak Institutu aurrealdera. Geroxeago, 20:15ean, DJ Bull musika-jartzaile sonatuak aukeratutako kantekin dantzatu eta abestuko dute plazan. Danborrada garatu bitartean parentesi bat egingo du Bullek, ostean, toki berean, disko-festarekin jarraituko baitu. Txosnagunean gauerditik aurrera karaokea dago deituta, eta, jarraian, DJ Reimy eta DJ Osakaren erritmoak.
Biharamunean, hilak 29, 09:00etatik aurrera, txistu hotsak gailenduko dira ostera ere goiz-eresian. Txistulari taldeak 12:00etan beste hitzordu batean hartuko du parte; kasu horretan, Musika Bandaren batera egingo duen kalejiran. Ordubete geroago, Musika Bandak kontzertua eskainiko du plazan. Badu berritasunik ekitaldi horrek, Kultura Sailetik aipatu bezala, "zuzenekoa plazako oholtza gainean egingo dutelako lehen aldiz".
Arratsaldean protagonismoa izaten jarraituko dute herriko musikariek, Atzeko kalean, 19:00etan hasita, Ramada INN eta Keia taldeek joko baitute. Aktibo daude bi bandak, aurten Pills for horses lana kaleratu baitu Ramada INNek, eta Keiak, aldiz, Erragaia izenekoa. Trikitilari handiek ere izango dute tokia; kasu honetan, plazan, Xabier Aburruzaga bizkaitarraren bandaren eskutik; 22:30ean hasita, euskal folkaren erritmo bizi eta koloretsuak errepasatuko dituzte, hogei urtetik gorako ibilbidean egin bezala.
FORUEN PLAZAN, TXOSNAGUNEAN ETA ATZEKO KALEAN IZANGO DIRA KONTZERTU GEHIENAK
Gaur zortzi, hilak 30, jaietako ohiko gonbidatu batek, Voces Navarras taldeak, jota estiloko kantuak zabalduko ditu alderik alde. Geldialdi berezia egingo dute 11:00etan San Martin adinekoen egoitzan, udal ordezkariek nabarmendutakoaren arabera, "bertako egoiliarrek ere goza dezaten jaietako egitarauaz".
Nafarroako jotetatik Andaluziako runbara egingo dute salto 20:00etan Foruen plazan, baina ukitu euskaldunarekin, Kilimak talde hernaniarrak horixe bera proposatuko baitu. Txosnagunean 23:00etan hasiko da egitarau musikala, bueltan baita Kallejeruak izenburuko emanaldi-sorta berezia; oraingo honetan, Lentejas, Alu Zikiñak eta Lixibak izango dira protagonistak.
Herri egunean, une oro
Agian, urriko lehen eguna izan daiteke egitarau musikal zabalena dakarrena. Izan ere, txistulari taldearen goiz-eresiarekin argituko da eguna. 11:00etan, kalejiran irtengo dira herriko kaleetan zehar Musika Eskolako trikiti, pandero eta soinu-joleen taldea, txistulariak eta Tolosako gaiteroak. Herri bazkariaren ondoren, 18:30ean, erromeria doinuak jarriko ditu Bada Giro taldeak, Atzeko kalean. 19:00etan, berriz, Sakatu elektrotxarangak gaztetxetik Irunberri plazarako ibilbidea burutuko du.
Eta gauerako, 22:30ean hasita, bertako karpan Lizarrako Raimundo el Canasteroren flamenkoaz, Merina Gris hirukote donostiarren elektronikaz eta Motz oñatiarren punk-rockaz osatutako menu zabala dago programatuta; beraz, zuzenekoan Antixenean aurtengo martxoan debuta egin eta maiatzean ere Ikatz tabernan aritu ostean, Motz boskotea beste behin azalduko da euren jarraitzaileen aurrean, besteak beste, euskaraz sortutako dozena bat kantu fresko inguru jotzeko. Hiru taldeak eszenatokitik jaisterakoan, Fresa Morango musika-jartzaileak jarriko du gatza eta piperra txosnagunean.
Errosarixo Egun bizia
Herri Eguneko egitaraua indartsua baldin bada, ez da atzean geratzen hurrengo egunerako antolatuta dagoena. 12:00etako kalejirarekin ekingo diete musika-hotsek, jadanik jaien erritmora egokituta egongo diren Musika Bandaren eta Txistulari Taldearen eskutik. Ordubete geroago, asteko bigarren kontzertua eskainiko du Musika Bandak Foruen plazan.
Arratsaldean, 18:30ean, Zai Zoi Bele logotipo lehiaketaren saria banatuko dute Atzeko kalean, eta ostean, Bizkaiko kostaldetik, Ondarroa eta Lekeitiotik zehazki, etorriko den Irai taldeak eskainiko du zuzenekoa; kantu lasai zein biziz osatuta zuzeneko indartsua da proposatzen dutena, eta konposizioetako hitzak idazterakoan, besteak beste, Sustrai Colina zein Andoni Egañaren laguntza izan dute.
Bestalde, txosna batzordeak ordu bererako kontzertu akustiko bat antolatu du karpan. Ordu erdi geroago, 19:30ean, dantzaldia egingo dute Foruen plazan, Bohemia Orkestra taldeko musikariek gidatuta. 22:30ean, atseden hartuko dute, Lekittoko Deabruen ikuskizunak iraun bitartean, eta hura amaitzean pilak kargatuta itzuliko dira beste saio bat taularatzeko.
Astelehen buruzuririk ez
Urriaren 3an, jaietako azken egunean, mozorrotuta irtengo diren oñatiarrek bi hitzordu izango dituzte seietan: bata Burrunba elektrotxarangak girotuko du eta bestea, txosnaguneko herriko taldeek, Dibertsio emanaldiaren baitan. Jarraian paso emango diote Lizartxo erromeriari. Plazan, berriz, Iratzarrek joko du, 19:30ean eta 22:30ean.