Herriko bertsolariak Txinpartaren bi saioetan

Hasier Larrea 2022ko ira. 26a, 10:00

Aitor Tatiegi eta Maider Arregi bertsolariak.

Txinparta bertso eskolak, Oñatiko Udalarekin elkarlanean, Zubikoako jaialdia eta Kale Zaharreko 'Balkoitik balkoirako' saioa antolatu ditu, bata irailaren 30erako eta bestea urriaren 2rako. Maider Arregik eta Aitor Tatiegik bermatuko dute Oñatiko ordezkaritza.

Egutegian gorriz markatutako bi garai daude Txinparta bertso eskolako egutegian: bata, Gabonetan, eta bestea, Oñatiko jaietan, orduan antolatzen baitituzte bertso eskolako kideek urteko ekitaldi nagusiak. San Migel eta Errosarixo jaien bueltan, gainera, bi hitzorduren ardura hartzen dute, Zubikoako bertso jaialdiarena eta Balkoitik balkoirako saioarena. Hiru alderdi hartzen dituzte kontuan, Iñaki Olalde Txinpartako kideak azaldu bezala, bertsolariak hautatzerakoan: "Generoa, adina eta herriko bertsolariei bultzada ematea".

Neba-arrebak Zubikoan

Iparrorratz hori lagun, datorren egubakoitzean, hilak 30, Maider Arregi oñatiarrak Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Agin Rezolarekin partekatuko du Zubikoa kiroldegiko oholtza, 22:30ean –sarrerak salgai daude, 10 eurotan, Txokolateixian eta Udalaren webgunean–. Gaiak jartzen Urko Arregi arituko da; Maiderren neba, hain zuzen. Zubikoan abestuko duen bertsolariak azaldu du pozten dela neba alboan izango duelako; aldiz, adierazi du ez duela abantailarekin jokatuko: "Urkok ez dit ezer esango, noski. Beste lau bertsolariek dakitena dakit nik; herriko kontuak eta berbak izango ditugula hizpide, ohi bezala".

Tatiegi, altueratik

Errosarixo Egunean, berriz, Balkoitik balkoirako saio kuriosoa eramango dute aurrera Alaia Martinek eta Aitor Tatiegik. Oñatiarrak aipatu du "normalean" herritik kanpoko bertsolariek osatzen dutela Kale Zaharreko kantaldia; beraz, saioa deskubritzeko aukera polita izan dezaketela haren ingurukoek. Tartean, gazte askok; izan ere, berezitasun ugari ditu 20:30ean izango den hitzorduak: "Hasteko, ez dago gai jartzailerik; hau da, bertsolariok modu librean abesten dugu. Gure kokapenak ere ez du zerikusirik oholtzan izaten dugunarekin, bertsokidea, alboan baino gehiago, pareko balkoian baitaukagu; publikoa, ostera, gugandik metro batzuk beherago", azaldu du Tatiegik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak