Jose Mari Bengoa: "Maila oneko txakurrak egongo dira lehian"

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 24a, 18:00
Karlos Ardantza, Axier Bolibar eta Roger Jauretxe, iaz, sariekin.

Domekan, Nazioarteko 62. Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute Santa Lutzian. Aurten ere 13 parte-hartzaile izango dira, sei euskal artzain txakurrekin eta zazpi Border Collie-ekin. Jose Mari Bengoak nabarmendu du denek dutela maila ona.

Domekan egingo dute Nazioarteko Artzain Txapelketaren 62. aldia, eta, hitzordura begira, antolaketa taldean lanean dabilen Jose Mari Bengoak –ez du txapelketan esku hartuko– nabarmendu du Santa Lutzian batuko diren 13 txakurren maila ona: "Txapelketetan zaildutako txakurrak dira denak, Euskal Herriko Txapelketako bi onenak, Kataluniako txapelketako bi onenak, Mallorcako onena, Castelloko onena, Biarnoko (Okzitania) bigarren onena... Maila oso onekoak dira denak, ondo hezitako txakurrak. Gero, egunaren arabera egingo du batek aurrera eta besteek atzera. Eta horretan faktore askok izaten dute eragina. Artzaina bera zein urduri dagoen, txakurraren urduritasuna, aginduak ondo ematen dituen edo hanka-sartzeren bat egiten duen, akats txikiren bat... Urteroko galdera izaten da faboritoarena, ea nork eramango duen txapela, eta oso zaila da hori aurreratzea", aitortu du. Hori bai, jakinekoa da iazko irabazle Kobi txakurra [Axier Bolibar zen txapelketa irabazi zuen artzaina] ez dela txapelketan egongo.

Txakur egokienen eztabaida

Txapelketan egongo diren txakurren arrazari dagokionez, Bengoak aurreratu dio GOIENAri sei izango direla euskal artzain txakurrak eta beste zazpi border collie arrazakoak direla: "Eztabaida zaharra da hori. Bertako txakurra desagertzera zihoalako egin genuen bere denboran euskal artzain txakurraren aldeko apustua, baina egia da border collieak 300 urteko abantaila daukala. Txakur azkarra da; akaso, ikusgarriagoa... Baina, gero, artzain baten eguneroko zereginetarako, mendian ordu askoan egoteko, joan-etorri luzeak egiteko... Askok esaten didate nahiago dutela bertako txakurra. Esandako moduan, denak dira txakur onak, eta garrantzitsua da, baita ere, txapelketetarako prestatzeko orduan metodologia ere aldatzen dabilela. Artzainak autoritatea ezarri behar du, baina orain ez da garai bateko zakartasunik erabiltzen, leunago egiten da lan txakurrarekin, eta emaitza onak dira", adierazi du oñatiarrak.

Euriarekin, deseroso

Eguraldi txarrak ez du artzainek txakurrekin eta ardiekin batera egin beharreko lanean eragingo, baina bai eragingo du ikusleengan: "Jendea aterkiekin joaten da, zirak... Ikusle kopuruak ere behera egiten du... Basoak euri beharrean daude, baina kasualitatea da asteburuan etortzea aldaketa. Horren aurrean, baina, ezin da ezer egin". Ikusteko dago domekan iazko emozioa errepikatuko ote den, puntu bakarreko aldearekin gailendu zen-eta Arabako txapelduna, Kobi txakurra.

Txapelketan egongo diren parte-hartzaileak

Hauek dira domekan Santa Lutziako zelaian batuko diren lehiakideak:

  • Jai txakurra, eta Anjel Barona (Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelduna, Zalla –Bizkaia–).
  • Ttiki txakurra, eta Antonio Alustiza (Nafarroako txapelduna, Areso –Nafarroa–).
  • Negu txakurra, eta Jose Mari Jauregi (Arabako txapelduna, Illarduia –Araba–).
  • Mendi txakurra, eta Jabier Zubiaurre (Gipuzkoako txapelduna, Mutriku –Gipuzkoa–).
  • Luk txakurra, eta Juan Mihura (Iparraldeko txapelduna, Eleta –Behenafarroa–).
  • Nere txakurra, eta Jean Atxeritogarai (Iparraldeko bigarrena, Ioldi –Behenafarroa–).
  • Xeco txakurra, eta Miguel Adrover (Mallorcako txapelduna, Felanitx –Mallorca–).
  • Gandal txakurra, eta Julio Bayot (Castelló-ko ordezkaria, Ares de Maestrat, Castelló–).
  • Beyon txakurra, eta Hilari Novillo (Kataluniako txapelduna, Santpedor –Bartzelona–).
  • Aritz txakurra, eta Jose Maria Pleguezuelos (Kataluniako bigarrena, La Caronja –Tarragona–).
  • Ximist txakurra, eta Roger Jauretxe (Aramits-Beharmen bigarrena, Baigorri –Behenafarroa–).
  • Sua txakurra, eta Jose Mari Jauregi (Euskal Herriko txapelketan sailkatua, Ilarduia –Araba–.
  • Lau txakurra, eta Oihan Basterra (Euskal Herriko txapelketan sailkatua, Goiuri –Araba–).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak