Hori aztertzeko aurre-diagnostikoan murgilduta dago Oñatiko Udala. "Orain artean, herriko nagusiei begirako aldian aldiko dinamikak bultzatu izan ditugu. Orain, ikusi gura dugu ea beharrik antzematen den espazio iraunkor bat sortzeko, eta, hala balitz, zelakoa izan behar lukeen horrek, beti ere, balizko erabiltzaileen ekarpenetan oinarrituta, haiekin berba eginda, galdetuta, euren beharrak ezagututa...", esan du Izaro Elorza Arregik, Oñatiko alkateak. Izan ere, bertako herritarren %24 baino gehiago dira 65 urtetik gorakoak.
Alkatearen aburuz "nagusiak entzutea eta haien benetako beharrak ezagutzea" garrantzitsua da. Horregatik, dagoeneko sortuta dagoen programaren bat aukeratu eta martxan jarri beharrean, Udal Gobernuak aurre-diagnostiko fasea martxan jarri du: "Guneak, balizko erabiltzaileen beharren araberakoa izan behar du. Behar horiek ezagutu behar dira osteko urratsak definitu aurretik. Izan daiteke gune baten beharrik ez antzematea, dagoeneko sortuta dauden ekinbideetako batekin bat egitearekin aski dela iriztea, edo, elkarrizketatuek, euren tamainara eraikitako espazio baten alde egitea".
Bizipoz kooperatibaren ardurapean
Aurre-diagnostikoaren ardura Bizipoz zahartze aktiboen kooperatibak hartu du. Herrian erreferentziazkoak izan daitezken pertsona, eragile eta erakundeak identifikatu, haiekin elkartu eta nagusien gunearen inguruko hausnarketarekin dabil; eta, gero, txosten bat egingo du balizko proposamenak aurkezteko. Ostean, Oñatiko Udalak hori hartuko luke oinarri ondorengo urratsak definitzeko. Bizipoz kooperatibak dagoeneko jardun da zahartzaro aktibo eta osasuntsua bultzatzen duten programetan eta Nagusien Kontseiluak sortzeko zereginetan –Arrasaten, Hernanin, Pasaian, Zumarragan–.