Beatriz Artolazabal sailburuak zabaldu du Oñatiko EAJk abiarazi duen hitzaldi zikloa

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ira. 22a, 08:31

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gizarte politika eta zerbitzuen etorkizunaz egin du berba, eta Euskadi Lagunkoia programaren berri eman du. Gizarte Politiken inguruko beste bi hitzaldi iragarri ditu Oñatiko EAJk.

Urte amaierara arte luzatuko den hitzaldi zikloa abiarazi du Oñatiko Eusko Alderdi Jeltzaleak, eta atzo egin zuten lehenengo saioa Oñatiko Santa Ana aretoan. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal izan zuten gonbidatu nagusi, eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Oñatiko alkate ohi Lourdes Idoiaga, Aretxabaletako alkate Unai Elkoro, edota Bergarako EAJko alkate ohi Elena Lete zein Uri Buru Batzarreko buru Mikel Lete.

Egungo eta etorkizuneko gizarte politikak

Artolazabal gizarte politika eta zerbitzuen etorkizunaz aritu zen. Alde batetik, kalte gehien jasaten dituzten pertsonen zaintzaz aritu zen eta hizpide izan zituen ematen diren bazterkeria egoerak, pobrezia energetikoa edo elikadura-pobrezia. Genero-indarkeriaz, haurrek pairatzen duten indarkeriaz eta migratzaileen egokitze-prozesuetaz ere aritu zen.

Indarrean diren neurriak eta etortzekoak direnak aipatu zituen. Besteak beste, 0-3 bitarteko haurrak dituzten familiei hilean 200 euroko laguntza bideratzeko erabakia, Gasteizen zabaltzekoa den Barnahus zentroa edota migratzaileen egokitze-prozesuak errazteko zabalik dauden zentroak.

"Etorkizuneko politikek hiru erronka nagusiri eman behar diete erantzuna; eraldaketa klimatikoa, eraldaketa ekonomiko-digitala eta eraldaketa demografikoa. Duintasuna eta giza eskubideak izango ditugu oinarri. Zaharkitutako gizartea batean bizi gara eta honelako gizarteek dituzten ezaugarrietara egokitutako politikak garatu behar ditugu. Zaintzara, familietara, migrazio egoeretara eta gazteen emanzipaziora bideratutako politikak dira gure helburua", esan zuen Artolazabalek.

Gobernantza eredu berria

Sailburua pertsonak ardatz izango dituen gobernantza-eredu berriaz ere aritu zen, eta Euskadi Lagunkoia programa azpimarratu zuen. "Dugun gizartean adineko pertsonak gure altxorra dira, eta nahiz eta lan mundua utzi ekarpen asko dituzte egiteko. Horregatik, adinekoen gobernantzan balio hori aprobetxatu nahi dugu adineko pertsonek beraiei eragiten dieten politiken definizioan laguntzeko. Euskadi Lagunkoia bezalako ekimenek adineko pertsonak ongizate sortzaile bihurtzen dituzte, eta beraien gertuko inguruan protagonista izatera deitzen ditu".

Artolazabalek ziurtatu zuen programa horrek esperientzia egiaztatua duela. "Osasunaren Mundu Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute eta, besteak beste, adinekoen bizitza autonomoa indartzen du, eta bere helburuen artean dago prebentzioa eta zaintza jomugan izatea, bakardadea edo isolamendu egoerak gainditzeko. Proiektu hau adineko pertsonen zuzeneko partaidetzarekin eraikiko da", esan zuen.

Beste bi hitzaldi izango dira

Gizarte politiken inguruko hiru hitzaldiko zikloa iragarri du Oñatiko EAJk hurrengo hilabeteetarako. "Gaurkotasuneko gaiak lantzen jarraituko dugu", azaldu du Lourdes Idoiagak. "Bigarren hitzaldia azaro amaiera aldera egingo dugu, eta gai hauetan ikerkuntzan eta berrikuntzan dabilen entitate batekin izango da. Hirugarren hitzaldia azaro amaieran edo abendu hasieran izango da, eta gehiago izango da Foru Aldundiarekin lankidetzan ikusteko nola garatu daitezkeen udal eskuduntzakoak diren zerbitzuak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak