Berriz bueltan dira ohiko jaiak

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 23a, 08:10

Oñatiko udal ordezkariak San Migel jaietako programazioaren aurkezpenean.

Sanmigelak gaur hasiko dituzte, eta, asteburuko ekintzen ostean, San Migel Aozaraza eguna hilaren 27an ospatuko dute, eguaztena. Datorren eguenean, hilak 29, izango da San Migel Eguna, Herri Eguna urriaren 1ean eta Errosarixo Eguna urriaren 2an.

San Migel eta Errosarixo jaiak ate-joka, martitzenean kultura etxean egindako prentsaurrekoan eman zuen programaren berri Oñatiko Udalak. Aurten, irailaren 28tik urriaren 3ra bitartean ospatuko dituzte; San Migel Eguna datorren eguenean, hilak 29, ospatuko dute, Herri Eguna urriaren 1ean eta Errosarixo Eguna urriaren 2an. Txantxikuaren jaitsierarekin eta danborradarekin hasi eta Kuadrillen Egunean mozorrotuta amaituko dituzte jaiak. Hori horrela, Oñatiko jai nagusiek betiko egitura berreskuratu dute, bi urteren ostean. Hala ere, asteburu honetan, atsolorra –iazko sanmigeletatik hona jaiotako 90 haur ingururi ongietorria–, Zea Mays taldearen kontzertua eta Nazioarteko Artzain Txakurren Lehiaketa izango dituzte, besteak beste, jaien sarrera gisa.

18 herri eragilerekin batera

Herritar orori zuzendutako programazioa eskaintzeko helburuarekin, askotariko ekitaldiak batzen dituen egitaraua landu dute, eta xehetasun guztiak eta berritasunenak eman zituzten egitarauaren aurkezpenean. Guztira, 18 herri eragilek parte hartu dute ekitaldien antolaketan, eta 225.000 euroko aurrekontua bideratu dute jaietara. Antolatutako ekitaldi gehienak kalean egingo dituzte, eta, ohitura duten moduan, kaleko leku ezberdinetan egingo dira. Izan plazan, Atzeko kalean edo txosnagunean. San Martin egoitzara ere hurbilduko dituzte ekintzak; esaterako, jotak. Irailaren 30ean, egubakoitza, 11:00etan, Voces Navarras taldea izango da kantuan.

Oñatiko udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete talde horiei, baita udaberritik hona ospatu diren auzoetako jaietako batzordeei. "Azken bi urteetan izan ez dugun nagusien danborrada errekuperatu dugu; Herri Eguneko azokaz, sagardo festaz eta herri bazkariaz gozatzeko aukera izango dugu; haurrei bideratutako ekintza kulturalak zein ludikoagoak; gazte zein nagusiagoendako eskaintza zabala... Finean, horixe da helburua, herriko festa nagusietan guztion parte-hartze eta gozamenerako bitartekoak eskaintzea", adierazi zuen Izaro Elorzak, Oñatiko alkateak.

Programako ekitaldietako batzuk asteburu honetan badira ere, Txantxikuak emango die jaiei hasiera. San Migel Egun bezperan, hilaren 28an, 20:00etan, parrokiako kanpandorretik jaitsiko da, Institutuko balkoiraino.

Jai berdinzaleak

San Migel jaietan parte hartzen duten guztientzat jai seguru eta parte hartzaileak izateko, Oñatiko Udalak udaberrian martxan jarritako sentsibilizazio kanpainak ere jarraipena izango du jaietan. Mugimendu feministarekin koordinatuta, sexu erasoen prebentziorako informazio-guneak egongo dira irailaren 28an –Ongi taberna parean– eta urriaren 1ean –Unibertsitate etorbidean–. Gainontzeko egunetan, telefono bidezko arreta zerbitzua ere jarriko da herritarren eskura. Hauxe da telefono zenbakia: 688 60 20 89. "Telefono horren bitartez, erasoen inguruko arreta eskaintzeaz gain, erasoren bat ikusi duenak ere informatzeko aukera izango du eta erasoen erregistroa ere egingo da", adierazi zuen Jone Arriolabengoak, Oñatiko Udaleko Berdintasun teknikariak.

Lehiaketa eta erakusketa

Urtero egin ohi den moduan, aurten ere ospatuko da aire libreko margo lehiaketa. Domekan, irailaren 25ean, izango da, goizean zehar, eta herriko edozein txokotara joan ahal izango dira parte-hartzaileak, nagusiak zein gazteak, euren pinturak egitera. Eguerdian banatuko dituzte sariak, kultura etxean. Oñatiarren lan onenak ere sarituko dituzte. Eta domekatik bertatik urriaren 16ra arte, kultura etxeko erakusketa gelan egongo dira ikusgai lehiaketara aurkeztuko dituzten margoak. Astelehenetik egubakoitzera ikusi ahal izango da erakusketa, 18:00etatik 20:00etara bitartean; irailaren 29tik urriaren 3ra itxita egongo da, baita urriaren 12an ere.

Aurten, gainera, Zai Zoi Bele herriko musika kolektiboaren logo lehiaketa ere egingo da. Hilaren 28tik egongo dira lanak ikusgai lehengo Kirrin dendaren erakusleihoan, bozkatzeko. Sari banaketa urriaren 2n egingo dute, Atzeko kalean, eta aukeratutako logoa Errosarixo Bixamon Egunean, txosnagunean, Dibertsioak ekitaldian. Egun horretan, urtero bezala, karrozak uzteko txoko bat egokituko dute agustindarren inguruetan.

Txosnagunea, herritik herriarentzat

Txosnagunearen eskaintzan azpimarratzekoa izango da zapatu honetan txosna goizetik izango dela irekita. Horren arrazoia da Kulturartekotasunaren Eguna ospatuko dutela. "Lehenengo aldiz antolatu dugu Kulturartekotasunaren Eguna, eta ACESMAkoak – etorkinekin lan egiten duten eragileak– aritu dira egitaraua antolatzen, Txosna Batzordeko kideekin batera", adierazi du Inma Martinek, Oñatiko Txosna Batzordeko kideak. 11:30ean, haur eta gaztetxoendako herrialde askotariko ur-jolasak eta hamaiketakoa egingo dituzte, txosnagunean. Bazkaria ere egingo dute, ACESMAk prestatuta, eta 17:00etan, berriz, herrialde askotariko dantzak izango dira ikusgai.

Txantxikuaren jaitsieran, txosnagunea jendez beteta.

Martinek gaineratu duenez, herritik herriarentzako antolatu dute jaietako programa; beraz, laguntza oro ondoetorria izango da.

Goiena telebistaren saio berezia

Oñatiko jaiei jarraipen berezia egingo diegu Goiena telebistan. Ekoizpenari dagokionez, irailaren 28an, Txantxikuaren jaitsiera zuzenean emitituko da, 19:30ean; telebistan eta sarean. Irailaren 29an eta 30an, berriz, HD saioan tarte berezia egingo zaie jaiei, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan, telebistan ikusgai. Urriaren 3an, berriz, Errosarixo Bixamona zuzenean emitituko da herriko plazatik, 13:30ean hasita; telebistan eta sarean ikusi ahal izango da. Amaitzeko, urriaren 4an, Oñatiko San Migel jaiei eskainitako Jaiak saioa ikusi ahal izango da, 21:00etan eta 23:00etan.

2019ko San migel jaieran Goienako Aitor Agiriano kazetaria txantxikuarekin, jaien hasieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak