Ikasturterako eskaintza prest du Pake Lekuk

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ira. 19a, 09:11

Pake Leku erretiratuen elkarteko egoitza, San Juan kalean.

Egindako ikastaroek, hitzaldiek eta irteerek harrera ona izan dutela ikusita, urrian hasiko duten ikasturte berriko eskaintzan sartu dituzte. Hain zuzen ere, egingo dituzten tailerretako izen-emateak, esaterako, zabalik daude dagoeneko.

Oñati eta Euskal Herria hobeto ezagutzeko irteerak, hitzaldiak, tailerrak eta kanpoko egonaldiak antolatuko ditu, besteak beste, Pake Lekuk ikasturte berrian. Azken hilabeteetako ekintzen balorazioa eginez aurkeztu dute astean ikasturte berriko plangintza, proposamenak jaso eta bazkideei eskaini, parte hartzera animatuz. Irailaren 1ean, 1.216 bazkide zituen Pake Lekuk.

Irteera eta hitzaldi gehiago

Harrera ona izan dute, esaterako, Oñatin bertan eta Euskal Herrira egindako irteerek, eta, beraz, horrelako gehiago antolatuko dituzte datozen hilabeteetan. Irteera bakoitzaren amaieran hurrengoa aukeratzeko eskatzen zaie joandakoei, eta ekarpen hori egitea animatu dituzte bazkideak zuzendaritzako kideek, lagungarria zaielako txangoa prestatzeko. Berdin hitzaldiekin: gaiak proposatzera eta eurek ere eskaintzera animatu dituzte.

Artxibora eguenean

Herrian egingo duten hurrengo irteera Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikora izango da. Eguenean, hilak 22, 11:00etan. Astelehenean, gaur, Oñatiko, Valladolideko eta Sevillako artxiboei buruz jardungo du Jose Antonio Azpiazuk, eta Elkanori buruz berba egin. Pake Lekun izango da, 17:00etan, bisitaren osagarri.

Joan den eguaztenean, ikasturte berriko plangintzaren aurkezpenean.

Wikipedia, abesbatza eta antzerkia

Era askotariko tailerrak eskaintzen jarraitzeko asmoa ere badu Pake Lekuko zuzendaritzak, eta hamabost bat, behintzat, izango dituzte aukeran bazkideek. Marrazketa, dantza, orratz-lanak, bitxiak, memoria lantzekoa, ingelesa, yoga eta euskal literatura zein mintzapraktika dira, adibidez, horietako batzuk. Wikipedia da beste aukeretako bat. Azken ikasturte honetan Jose Anjel Urkia animatu da, Iñaxio Irizarren laguntzarekin, Wikipedia ezagutzeko eta hori osatzeko. Ordenagailua erosi eta sekulako emaitzak lortu ditu: 250 argitalpen inguru, gehienak perretxikoen ingurukoak, baina baita hegaztiei, pertsonei, sugeei eta landareei buruzkoak ere. Ikasturte berrian ere ikastaro honetan interesatuak egotea da zuzendaritzaren nahia.

Deialdi berezia egin dute, bestalde, abesbatzako eta antzerkiko taldeetan izena emateko, talde biak indartzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak