Jose Antonio Azpiazu: "Euskaldunen pisua handia izan zen Elkanoren espedizioan"

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ira. 6a, 07:58
Jose Antonio Azpiazu historialaria.

Gaur betetzen dira 500 urte Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik. Espedizio hura jasota du liburuan Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarrak: ''Juan Sebastian Elkano. Ingurua, ibilbidea, epika''.

Nor zen Juan Sebastian Elkano?

Itsasontziak eta itsasoa bera gertutik ezagutzen zituen. Gurasoak itsas merkataritzan sartuta zeuden, ondo ezagutzen zuen Italiako merkataritza, Mediterraneo osoan oso ezagunak ziren. Etxe oneko semea zen. Herrian, bere familia zen kontribuzio handiena ordaintzen zuena.

Nola heldu zen espedizio horretan parte hartzera?

Orduko erregearendako lanak egindakoa zen Elkano. Behin, baina, erregeak ez zion ordaindu egindako lana eta berak itsasontzi bat saldu zuen langileei ordaintzeko; erregeak epaitu gura izan zuen horregatik. Elkanok entzuna zuen Fernando Magallaesek bidaia handi bat egin behar zuela eta Sevillara joan zen. Han zeuden beste euskaldun batzuk ere, bere lagunak, eta haien laguntzarekin bidaian parte hartuko zuen itsasontzi bateko maestre edo kapitain izendatu zuten.

Nola muntatu zuten espedizioa?

Bost itsasontzi ziren, horietatik hiru, gutxienez, euskaldunak. Marinelen artean baziren euskaldunak, bizkaitarrak asko, eta baita portugaldarrak ere, Magallanesen bitartez. Ameriketa aldera abiatu ziren biak espedizio berean. Garai hartan ez zekizkiten munduaren neurriak. Pazifikoa, esaterako, munduaren herena da, baina orduan ez zekiten hori. Denbora asko egin zuten Pazifikoan eta India aldera heldu ziren denbora batera. Hango erregeekin borroka egin zuen Magallanesek, baina ez ziren beldurtu eta hil egin zuten, Mactan uhartean. Elkanok hartu zuen orduan gidaritza, marinelek ezagutzen zuten bere esperientzia-eta. Gora-behera gehiago ere izan zituzten eta heldu behar ziren tokietara iritsi ostean buelta egitea pentsatu zuen Elkanok. Itsasontzi bakarra zuten ordurako, Victoria. Etorritako bidetik joanez gero haizearen kontra joango zirela ikusita, Afrikako kostara jaitsi eta handik jarraitzea erabaki zuen, portugaldarren beldur bazen ere. Horrela egin zuten eta duela 500 urte iritsi ziren Sanlúcar de Barrameda herrira, Sevillatik abiatu eta hiru urtera. Inork ez zituen espero, eta sekulakoa izan zen euren iritsiera. Hainbat zientzialarik, geologok... ondo aztertu zuten bidaia hura eta konturatu ziren mundua borobila dela.

Nolakoa zen Victoria itsasontzia?

Toki askotan agertu da idatzita 27 metro zituela, baina 17 metro inguru baino ez zituen. Euskaldunek egindakoa zen, gainera. Elkanoren lanaz gain, beste euskaldun askorena ere egon zen espedizio horretan. Itsasontziak eurak, batetik, euskaldunek egindakoak ziren batzuk, marinel euskaldunak ere baziren eta eraman zituzten arma txiki gehienak hemen egindakoak ziren. Inork ez du ezer esaten erabili zituzten kanoiez, adibidez, baina guk ikusi dugu Valladolideko zein Oñatiko artxiboan garai hartan Orion, Eibarren, Zumaian... egiten zirela horrelako kanoiak. 1509. urtean, esaterako, bidaia hasi baino hamar urte lehenago, 80 kanoi egiteko eskaera egin zion Ingalaterrako erregeak Eibarko armagintza enpresa bati. Beraz, oso litekeena da kanoiak ere euskaldunek egindakoak izatea. Euskaldunen pisua handia izan zen espedizio hartan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak