Joseba Azkarate: "Talde-lanari esker lortuko dugu lehen triatloia egitea"

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 2a, 20:00

Joseba Azkarate, aste barruan Zubikoako igerilekuan, Ainhoa Calleja entrenatzailearekin igeriketako saioa prestatzen.

Irailaren 10ean Joseba Azkaratek lehenengoz egingo du triatloi bat. Espainiako Federazioan baieztatu diote munduan ez dagoela halako tetraplejia graduarekin triatloi bat egin duen beste kirolaririk. Gorputzeko giharreen %13 erabilita egingo du lasterketa.

Duela bost urte auto istripua izan zuenetik, Joseba Azkarate (Oñati, 1987) aurrerapausoak ematen joan da etengabe. Eta aurrerapauso horietako batzuek kirolarekin lotura estua izan dute. Hala, urteetako lanaren ostean, irailaren 10ean, oñatiarrak duatleta izateari utziko dio, triatleta bilakatzeko. Alegia, 750 metro egingo ditu igerian, 20 kilometro handbikean, eta bost kilometro korrika egiteko aulkian. Lorpena ez da pertsonala bakarrik izango, Antxintxika triatloi talde barruan ere mugarria izango da, talde egokitua sortu zutenetik beste aurrerapauso bat izango da eta. Mundu mailan ere erreferentziazko datua ezarriko du Azkaratek, ez dago-eta halako tetraplegia maila duen triatletarik.

Lehenengo izan ziren Torreauzo edo Antxintxikakoa moduko herri krosak. Ondoren etorri ziren duatloiak. Baina Zumaiakoa zure lehenengo triatloia izango da.

Aspaldi ezarritako erronka baten punta izango da, eta horretan ahaleginduko gara. Nik uste dut egingarria dela, nahiz eta badakidan asko sufrituko dudala. Baina bai, egingo dut, horretarako prestatu gara.

Bidea luzea izan da; handbikean hasi zen dena...

Halaxe da, ondoren etorri zen atletismoko aulkia eta azkeneko pausoa izan da igeri egiten hastea. Prozesu luzea izan da, berriz ere igeri egiten ikasi behar izan nuen eta Ainhoaren [Calleja] laguntza izan dut horretarako. Gainera, gauza bat da errehabilitazioaren zati bat uretan egitea eta beste bat lasterketa baterako prestatzea: uretan ordubeteko saioa egitea, serieak eginez entrenatzea...

Entrenamendu saioaren aurretik, oreka hartzeko tartean, Ainhoa Callejak lagunduta.

Hain zuzen, hainbat duatloi egin dituzu azken urtean, baina triatloian igeri egin behar da. Zelan daramazu azken arlo hori?

Igeriketa gehien kostatu zaidan arloa da, ezberdinena delako. Duatloiak sikuan egiten dira, bizikletan eta atletismoko aulkian. Igeriketa, berriz, erronka izan da niretako. Gorputzaren posizioa ezberdina da, arnasketa beste modu batean egin behar dut, oreka mantendu behar dut uretan... Hala, nirea moduko lesio bat duenarendako, tetraplegia duen batendako, ez da erraza uretan lan hori egitea.

Dagoeneko itsasoan ere ibili zara.

Bai; guretako ere ezberdina da itsasoan igeri egin ala igerilekuan ibili. Itsasoan oreka mantentzea ez da gauza bera, korronteak daude... Eta gero, nire arazoa ez da erresistentzia, nire arazoa indarrarena da; alegia, besoekin bakarrik egin dezakedala aurrera. Kontrara, igerilekuan bueltak eman behar izaten ditut etengabe, eta Zumaian ez dut arazo hori izango.

Lasterketa egunean beste kontu batzuk ere zaindu behar dituzu; gorputzeko tenperatura zaintzearena, esaterako.

Erronka ez dago bakarrik egin beharreko lan fisikoan. Halako lesioa dugunok zailtasunak izaten ditugu gorputzeko tenperatura aldaketetara egokitzeko; alegia, ez dugu gorputzeko tenperatura erregulatzen. Oso izerdi gutxi botatzen dugu eta ondo zaindu behar dugu gorputzeko tenperatura. Esaterako, uretan gorputza itsasoko tenperatura hartzen joango da, eta gero, bizikleta gainean noanean burutik behera etengabe ura bota beharko didate, ahal den neurrian hozten joateko. Halakoak eta beste kontu batzuk ere izaten ditugu, bai.

Nabarmentzekoa da mundu mailan ez dagoela halako tetraplegia maila duen triatletarik. Lehenengoa izango zara.

Halaxe esan digute Espainiako Federazioan. Egia da duatloietan badaudela tetraplegia duten kirolariak, ez nik daukadan ezgaitasun mailarekin, baina badaude. Ez dakidana da munduan ba ote dagoen tetraplegia duen triatletarik, baina segurua dena da baldin badago ez daukala nire gradu berbera –Josebak giharren %13 mugi dezake–.

Bakarkako saioetako batean, Callejaren eta Rementeriaren begiradapean.

Zure atzetik etor daitezela beste batzuk ere, bidea egiten ari zara.

Hori da garrantzitsuena! Nirea moduko egoeran daudenak irten daitezela kalera kirola egitera! Erronka hau ez dut nigatik bakarrik egiten, erakutsi nahi dut ezgaitasunen bat dugunok ere gauza mordoa egin ditzakegula, ondoan laguntza eskatuta eta norberaren partetik asko jarrita, baina posible da. Seguruenik, denek ezingo dute triatloi bat egin, noski. Baina, igerian hasi, edo handbikean apur bat ibili, atletismoko aulkian... Bakoitzak ahal duena, eta ahal duen moduan, baina saiatu.

Triatleta batek traste mordoa eraman behar izaten ditu lasterketa batera. Zuen kasuan, biderkatu egingo da dena.

Gure kasuan, biderkatu egiten da. Igeri egiteko materiala behar dut, itsasora sartu ahal izateko aulki berezia, bizikletako tartea egiteko handbikea, korrikako tartea egiteko aulkia... Horiek guztiak Antxintxikan egin duten lanari esker ditut nire eskura, dirutza balio dutelako. Horri esker har dezaket parte lasterketan, eta, norbaitek probatu nahiko balitu, hortxe daude, eskura.

Horrenbestez, normalean, triatloia bakarkako kirola izaten da, baina zure kasuan, talde-lana dago atzean.

Ez izan zalantzarik! Ondoan ditudan lagunen laguntza barik ezingo nuke ezer egin. Ainhoa [Calleja] entrenatzailea, Aitor [Rementeria], nire arreba, Nielka, Xabi eta abar. Eta atzean dauden beste lagun asko. Azken batean, familia txiki bat osatu dugu eta euren laguntza ezinbestekoa da niretako. Eta noski, baita Antxintxika bera ere, talde moduan.

Alfontso taldekide gasteiztarrarekin batera, Azkoitiko duatloian, aurten.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak