Atzo arratsaldean Bastidan jokatutako neurketen ostean, erabakita gelditu dira Udako Laboral Kutxa Torneoaren finalaurrekoak. Lau bikotek ekin zioten txapelketari uztaila erdialdean; zortzi pilotarien artean, bi oñatiar: Maddalen Etxegarai Zelaia –Enara Gaminde du bikotekide– eta Uxue Oses Egaña –Olatz Arrizabalagarekin ari da–.
Bikote guztiek elkarren aurka jokatu dute lehen ligaxka honetan. Bi garaipenekin, Amaia Aldai-Andrea Capellan bikotea gelditu da sailkapenaren lehen postuan, Leire Garai eta Itxaso Erasunekin puntutan berdinduta. Lehia bakarra irabazita, multzoko azken bi postuekin konformatu behar izan dute oñatiarrek; Etxegarai-Gaminde bikotea izan da hirugarren, eta Arrizabalaga-Oses, aldiz, laugarren –atzo jokatu zuten elkarren aurka bi debagoiendarrek, eta Etxegarai izan zen nagusi: 22-11–.
Finalerdiak
Orain artekoak, baina, finalerdietako gurutzaketak erabakitzeko soilik izan dira baliagarriak. Hala, abuztuaren 13an Hondarribian Arrizabalaga-Oses bikoteak Aldai eta Capellan izango dituzte aurkari; Etxegarai eta Gamindek, aldiz, Garai eta Erasunen aurka neurtuko dituzte indarrak abuztuaren 27an Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko den finalerako txartela eskuratu nahian.