"Herri eta auzo guztietatik ari dira deitzen neskei euren frontoietan jokatzeko, baina konpromiso puntual ugari hauetaz gain, goi mailako txapelketa arautu batez gozatzeko aukera ere izango dute". Hala adierazi dute Laboral Kutxako arduradunek gaur goizean egindako aurkezpen agerraldian; Udako Laboral Kutxa Torneoaren aurkezpen agerraldian, hain zuzen.
Zortzi pilotari arituko dira, bikoteka, txapelketa berri honetan. Eta tartean, bi oñatiar: Maddalen Etxegarai Zelaia eta Uxue Oses Egaña. Egubakoitz honetatik aurrera, ligaxka formatuan jokatuko da lehen fasea; elkarren aurka jokatuko dute, ondorioz, bailarako bi pilotariek. Binakako Emakume Master Cup txapelketan egungo txapeldunak direnak izango dituzte bikotekide; Enara Gaminde laukiztarra izango du kide Etxegaraik, eta Oses, berriz, Olatz Arrizabalaga gernikarrarekin arituko da. Hona bi oñatiarren egutegia:
- Uztailak 15, egubakoitza - Haro (Errioxa): Etxegarai-Gaminde Aldai-Capellanen aurka, eta Arrizabalaga-Oses Garai-Erasunen aurka.
- Uztailak 24, domeka - Lekeitio (Bizkaia): Arrizabalaga-Oses Aldai Capellanen aurka, eta Etxegarai-Gaminde Garai-Erasunen aurka.
- Abuztuak 3, eguaztena - Labastida (Araba): Etxegarai-Gaminde Arrizabalaga-Osesen aurka.
Finala, Zumaian
Finalerdiak egongo direla aintzat hartuta, lau bikoteek jokatuko dute bigarren fase hau. Hondarribian izango da, abuztuaren 13an, eta bertan erabakiko dira hilaren 27an Zumaiako Aitzuri pilotalekuan txapelaren bila lehiatuko diren bi bikoteak. Zuzenean emango du finala EITBk.