Akordioa egin dute Ulmak eta Gipuzkoako Ingenieritza Eskolak, ikasleen talentua garatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko uzt. 23a, 08:28

Iñaki Gabilondo eta Xabier Ostolaza (Argazkia: Ulma).

Eskolak, ikasleak Ulma taldeko negozioak ezagutzera joateko bisitak antolatuko edo haien inguruko informazioa eskainiko du eta kooperatibak, bestalde, ikasleentzat ordaindutako praktikak eskaintzeko eta gradu amaierako lanak errazteko ardura hartzen du. Lau urterako akordioa da.

Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza hobetzea du helburu Gipuzkoako Ingenieritza Eskolak eta Ulma kooperatibak asetan sinatu duten akordioak, egungo ikasleen prestakuntza eta enplegagarritasun hobea ziurtatzeko. Hitzarmena, ikasleen talentuaren prestakuntza eta kudeaketaren  arloan bi erakundeen estrategiak sustatzera bideratuta dago, eta, horren ondorioz, Ulma, unibertsitate zentroaren ESTU Enpresa Laguntzaile bihurtu da. Ulmako zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok eta Gipuzkoako Ingenieritza Eskolako Xabier Ostolazak sinatu dute lau urterako, beste lau luzatzeko aukerarekin alde biak ados egonez gero.

Alde bakoitzak konpromiso batzuk hartu ditu. Hala, Ulmak bere gain hartzen du ikasleentzat ordaindutako praktikak eta gradu amaierako lanak errazteko ardura. Asmoa dago, halaber, prestakuntza ikastaro espezializatuak emateko eta ikasleen bisitak antolatzeko taldeko enpresen instalazioetara. Gainera, Ulmak konpromisoa hartzen du MotoStudent nazioarteko lehiaketan parte hartzen duen eGIPUZKOA GIE- UPV/EHU taldearen finantzaketan laguntzeko. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak, bestalde, bere instalazioetan ikasleentzat interesekoak diren jardunaldi bateratuak antolatzeko konpromisoa hartzen du, bai eta Ulma Taldeko enpresetara ikasleen bisitak antolatzeko ere. Gainera, bere
hedabideetan Ulma Taldeko enpresei buruzko informazioa erakutsiko du, eta ikasleei Ulmak eskainitako praktikei, gradu edo master amaierako lanei buruzko informazioa emango die, dagokion unean.

Etorkizuneko profesionalen prestakuntza hobetzeko ardura partekatzen dutela esan du Ulma taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok. Ardura horrek lotura estua du talentua bilatu, erakarri eta atxikitzearekin, Gabilondoren hitzetan, eta euskal enpresek duten erronketako bat dela gehitu du. Xabier Ostolazak gaineratu du hitzarmen honek balio erantsia emango diola eskolako ikasleek jasotzen duten prestakuntzari.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak