Raquel Somalo: "Harritzekoa da, baina ez nuen arrainik jaten"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 22a, 11:50

Raquel Somalo, Oñatiko Bidebarrieta kalean duten Fernandez arrandegian. (Argazkia: I.A.A.)

Azafata eta harreman publikoen arloan lanean aritu bazen ere, Fernandez Arrandegiaren arduradunetako bat da; oso gustura dago bezeroen erantzunarekin.

Mende erdia baino gehiago daramatza Fernandez Arrandegiak Oñatin. Negozio familiarra da, eta gaur egun, bigarren belaunaldia ari da aurrera ateratzen Antoniok eta Angelitak hasi zuten ibilbidea. Horietako bat da Raquel Somalo. Aurretik, azafata eta harreman publikoen arloan lan egin bazuen ere, oso gustura dabil arrandegian.

Azafata eta harreman publikoetan jardundakoa zara. Nolatan arrandegian lanean?

Amaginarrebari lepoko ebakuntza egin behar izan zioten. Lan pila bat zegoen, baina laguntzeko ez zegoen inor. Horregatik, ni hasi nintzen laguntzen eta hemen geratu nintzen, azkenean. Nire lanean oso gustura egoten naiz eta oso pozik nago.

Zein lan nahiago duzu?

Berdin zait. Orain, arrandegian oso gustura nago. Sakrifizioa eskatzen duen lanbidea da, baina zure negozioa bada, beti sakrifikatua izaten da.

Debagoiendarrek zein arrain jaten dute gehien?

Denboraldiaren araberakoa da. Orain, adibidez, hegaluzea, antxoak, legatza, lupia... Denetatik saltzen da. Izan ere, jendeak aukera zabala dauka.

Zein gustatzen zaizu gehien?

Harritzekoa bada ere, lehen ez nuen arrainik jaten, ez nekielako hezurtxoak non zeuden. Dakidanetik, denak jaten ditut.

Arraina zein eratara jatea duzu nahiago?

Aste honetan, marmitakoa egin dut zapoarekin, baina berdin zait saltsan, erreta... Egia da parrillan jatea sekulakoa dela, baina hori da konpainian jaten duzulako lagunekin edo etxekoekin. Bestela, berdin zait. Kozinatzea gogoko dut; orduan, denetik egiten dut.

Zure lanaren alderik onena? Eta gogorrena?

Jendearen erantzuna eta jendearekin egotea da onena. Gogorrena, berriz, oso fisikoa izatea. Mugimendu errepikakorrak egiten ditugu. Gainera, ordu asko dira eta pisu asko izaten dugu. Dena den, azkenean, konpentsatu egiten du jendeak emandako erantzun horrek; bete egiten nau.

Zein zaletasun dituzu?

Irakurtzea, paseatzea eta nire lagunekin eta familiarekin egotea. Nire nebak Errioxakoak dira, eta udan Camerosera joaten gara. Oso garrantzitsua da familiarekin egotea.

Oñatiko komertzio txikiaren egoera nola ikusten duzu?

Etorkizuna beltza da. Denda txikiok, azkenean, itxi egingo dugu jubilatzen garenean, eta ez dakit zer gertatuko den gure etorkizunarekin.

Kalitatearen aldeko apustua

"Jeneroa, zuzenean, Ondarroatik, Getariatik eta Pasaiatik ekartzen dugu. Gero, erosle bereziak ditugu Galizian, Frantzian, Danimarkan eta Norvegian. Mihi-arraina eta oilarra, esaterako, hemengo kostan ez badaude, Frantziatik ekartzen ditugu. Danimarkatik, berriz, Faroe bakailaoa ekartzen dugu; onena da. Norvegiako izokina ere badugu. Guk beti onena ekartzen dugu. Kalitatearekin egiten diogu aurre gure konpetentziari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak