Mikel Olalde: "Hobeto entrenatuta egin dut aurtengo Kantoikrit"

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko uzt. 22a, 11:31
Mikel Olalde, Xabier Barrena antolatzaileak emandako sariarekin.

Hasiera-hasieratik ipini zen lasterketa buruan Mikel Olalde oñatiarra eta itzuliz-itzuli eutsi egin zion lehen postuari. Gainera, Olalderen garaipenarekin, lehenengoz irabazi du etxeko batek Kantoikrit lasterketa.

Inoizko Kantoikrit oñatiarrena izan da aurtengoa; 32 txirrindularik hartu zuten parte, eta haietatik zazpi oñatiarrak. Eta, lehenengoz, etxeko ziklista bat izan zen txapeldun. Are gehiago, hamabik bukatu zuten proba, eta horietatik bost etxekoak ziren. Mikel Olalde izan zen irabazlea. Atzetik, bigarren eta hirugarren posturako, lehia gogorra izan zuten Iñigo Mugarza oñatiarrak eta Jose Enrique Henriquez marindarrak. Azken hori sailkatu zen bigarren, esprintean.

Espero zenuen garaipena?

Ez, egia da aurrez parte hartu izan dudala beste hiruzpalau aldiz, baina aurten gehiago entrenatu naiz eta banekien beste urte batzuetan baino hobeto egingo nuela, baina ez neukan esperantzarik irabazteko.

Ze sentsazio izan zenituen lasterketan?

Banekien lehenengo lauzpabost bueltak gogorrenak izaten direla, agudo hasten delako lasterketa. Gero, laugarren bueltaren inguruan lehenengo postuan jarri nintzen eta hor, azkenean, estutu egin nuen, gutxi gorabehera, hamargarren bueltara arte, eta horren ostean lasaiago joan nintzen eta gustura ibili nintzen.

Nola prestatu duzu aurtengoa?

Normalean, mendiko bizikletarekin ibiltzen naiz mendian, nahiz eta errepidekoa ere badaukadan. Urte osoan ibili naiz entrenatzen. Egia esan, ez naiz ibiltzen askorik piñoi finkoarekin, azken asteetan ibili naiz apur bat, baina, bestela, ez naiz ibiltzen.

Lasterketaren zirkuituan entrenatu zara ala ez?

Ez, Olatera edota Elorregira joan izan naiz bizikleta horrekin. Mendiko bizikleta hartzen dudanean ere, Oñatiren bueltan ibiltzen naiz.

Ze berezitasun ditu Kantoikrit lasterketak?

Arlo teknikoa landu behar da horretarako, ez da nahikoa indarra lantzea. Galtzada-harritik pasa behar izatean, tekniko bihurtzen da lasterketa. Eta bestela, ni oso gustura ibiltzen naiz zirkuituak dauzkan bihurguneetan. Beste batzuek, kanpokoak izanda, zirkuitua ere, agian, ez dute ondo ezagutzen, baina nik, behintzat, ibilbidea ondo ezagutzen nuen lasterketa aurretik, eta horrek lasaitasuna ematen du.

Aurten, baina, inoizko lasterketa oñatiarrena izan da. Zazpi txantxikuarrek hartu duzue parte.

Bai, eta horiek, behintzat, ondo ezagutzen dugu zirkuitua.

Ibilbide motzak nahiago dituzu luzeak baino?

Bai. Lasterketa honek berrogei minutu inguruko iraupena izan du niretzat eta ia denbora gehienean topera joan beharra dago. Distantzia luzeak baino nahiago ditut motzak.

Parte hartu izan duzu piñoi finkodun halako beste lasterketaren batean?

Oñatikoez gain, Durangon hartu nuen parte behin, baina ez zen honen mailakoa. Horrelako lasterketa askorik ez dago inguruan eta kanpotik etortzen direnek ere esaten dute estatu mailako politena hau dela.

Gauez izateak badu xarma berezirik?

Lasterketa oso polita da, bai. Antolakuntzak ere lan bikaina egiten du eta halako bat etxean egitea oso polita da.

Publiko ugari ere izan zen kale bazterretan animatzen.

Bai; horrek urduritasuna eta presioa ere ekartzen ditu, kuadrillakoak eta familiakoak ere izan zirelako animatzen.

Pandemia tarteko, bi urteko etena izan du lasterketak.

Bai; iaz ere izena eman nuen, baina, azkenean, bertan behera gelditu zen. Eta aurten apur bat gehiago entrenatu naizenez, gogo berezia neukan parte hartzeko. Datorren urtean ere parte hartuko dudala pentsatzen dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak