54 proposamen pasa dira fase teknikora

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko uzt. 4a, 10:06

Umeak kioskoaren atzeko espazioan jolasten eguazten arratsaldean.

Hirugarren fasean sartu da partaidetzazko aurrekontuen proiektua. 54 proposamen heldu dira eta horien bideragarritasuna aztertuko dute orain irailera bitartean; bozketa fasea izango da hurrengoa. Fase honetan dauden proposamen batzuk dira: plaza ingurua konpontzea, negurako egonlekuak egokitzea edo kiroldegi aurreko gunea oinezkoendako izatea.

Hirugarren fasean sartu dira partaidetzazko aurrekontuak. Herritarrek egindako proposa- menetatik 54 heldu dira fase honetara, eta euren bideragarritasuna alderdi tekniko, legal eta ekonomikotik baloratuko dute. Azterketa hau arloko udal teknikarien laguntzarekin egingo dute iraila bitartean.

Eskailera mekanikoak

Hamazazpi multzotan banatuta daude prozesuko puntu honetara heldu diren ekarpenak. Irisgarritasunaren eta mugikortasunaren atalak dira gehien batzen dituztenak. Zerrenda horietan datozen proposamenetako batzuk dira: Kale Zaharra, Arantzazu Ama kalea eta Otadui zuhaiztia irisgarriagoak izateko lanak egitea; eskailera edo zinta elektrikoa jartzea adinekoen egoitzara joateko; Natur Eskolako zubian hesia jartzea; Udaltzaingoko eta osasun zentroko biribilguneen arteko gunea oinezkoendako izatea; aparkaleku publikoetan ibilgailu elektrikoendako karga-puntuak jartzea; Portalekua gunean oinezkoen pasabidea babestea eta bizikletak garbitzeko gunea hobetzea.

Azpiegituren atalean, plaza inguruan eta azokan ikusitako beharrak datoz, adibidez: zoruko irregulartasunak eta berdeguneak konpontzea, kioskoa kentzea aztertzea, azokako argiteria hobetzea eta hotza ekiditeko zabaldu eta ixten diren ateak jartzea. Negurako egonlekuak egokitzeko proposamena ere badator; adibidez, kaleko eserlekuei aterpetxoak jarrita.

Fase honetara heldu diren beste proposamenetako batzuk dira: Santa Anan taldeendako lokala eta Eltzian musika grabatzeko estudioa egokitzea; grafitiak eta muralak herriko hainbat gunetan egiteko lehiaketak antolatzea; Bidaurretako eta Kanpantxoko iturriak konpontzea; Berezaoko  hariztiko mahaiak eta bankuak eraberritzea; energia berriztagarrien komunitatea sortzeko prozesua erraztea; auzo arteko bidezidorrak garbitzea eta berreskuratzea eta herrigunean frontoi txiki batzuk egokitzea.

Ekarpenak egiteko

500.000 euro bideratuko ditu Udalak herritarrek egindako proposamenetara. 230 proposamen jaso zituen lehen fasean, eta, antzerakoak elkartuta, kopurua 122ra murriztu zuten. Denak aztertu zituen Mahai Politikoak, eta 76 onartu. Lehentasunak finkatzeko, herritarrek osatutako berme taldeak aztertu eta 54 heldu dira fase teknikora. Udazkenean bozkatuko dira, eta 2023an eta 2024an egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak