Asteburuan gertatutako eraso matxista bat gaitzetsi dute Oñatin

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko eka. 17a, 09:58

'Eraso sexistarik ez! Aski da! Autodefentsa feminista', lelopean egin zuten elkarretaratzea.

Asteburuan, Euskal Herriko Bilgune Feministaren 20. urteurrena ospatu zuten Oñatin. Bilgune Feministatik adierazi dute baina, asteburua ez dela erasorik gabekoa izan: "Gizon batek kide bat jarraitu eta jazartu zuen furgonetara bidean zela", adierazi dute. Eta hori gaitzetsi eta salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Bargastak taldeak deituta.

Euskal Herriko Bilgune Feministatik azaldu dute "nazkatuta" daudela behin eta berriro horrelako egoerak bizi eta salatu behar izateaz eta hauxe gaineratu dute: "Guretzako espazio aske eta seguru bat eraiki genuen, egunerokotasunean bizi ditugun biolentzietatik at. Eta ez da kasualitatea erasoa espazio horretatik ateratakoan gertatu izana. Beste behin ere, bizi dugun errealitatea argi geratu da; kalea eta gaua ez dira espazio seguruak guretzat. Oñatikoa ez da kasu isolatu bat izan. Etengabe izaten dugu halako gertaeren berri".

Jakinarazi dute zapatu gauean gizon batek kide bat "jarraitu eta jazartu" zuela, bere furgonetara bidean zela. "Gure kidea gertatzen ari zitzaionaz ohartu eta aurrerago topatu zuen beste kide bati oihu egin zion. Bigarren kidea berehala jabetu zen gertatzen ari zenaz eta elkarrekin egin zuten aurrera", kontatu dute. Eta gaineratu bi kideak autodefentsa feministaz erantzutea erabaki zutela eta gizonari zerbait esatea erabaki. "Autodefentsa feministak eskaintzen dizkigun tresna guztiak erabiltzea zilegi deritzogu momentu oro. Feminismoak erakutsi digun ikaspenetako bat hori baita, indarkeria matxistari aurre egiteko tresna eraginkorrenetako bat autodefentsa feminista dela", gaineratu dute.

Gizonendako mezu bat ere bidali nahi izan zuten elkarretaratzearen amaieran: "Zuek, gizonok, entzun; hartu dagokizuen ardura eta erantzukizuna gaiarekiko. Utzi gu erasotzeari eta zuen kide erasotzaileen konplize izateari".

Herritarrez gain, alkatea eta hainbat udal ordezkari ere izan ziren elkarretaratzean.

Testigantza, osorik

Elkarretaratzearen bukaeran, erasotuaren hitzak irakurri zituzten. Hemen osorik:

"Goizeko 04:40ean karpatik furgo parkiñera abitu nitzan neoni bakarrik. 

Eliza paren neola tipo bat ikusi nun errepidian beste alden. Errepidia gurutzatu ta neregana hurbildu zan. Ezer esan gabe nere atzetik ibiltzen hasi zan.

Deseroso sentitzen hasi nitzan ta enekin oso ondo zer in.

Bastante aurreago tipa bat ikusi nun ta garraxi in nion, ia furgo-parkiñea ote zijuan galdetu nion ta bere baiezkuan ondoren, batea jungo ginala esan nion. Beste ezer esan gabe ulertu zun ze aizan pasatzen.

Biok elkarrekin goraka jun ginan ta furgo-parkiñan ingurun gendela, tipuai zeoze esatea erabaki genun.

Nere kidiak lurren topatutako harri bat hartu zun ta nik poltsa arma modun erabiltzeko prest hartu nun. Buelta erdia eman ta ia segitzen ai zitzaigun galdetu genion. Beak ezetz, etxea zijuala ta lasai eoteko. Guk berriz galdetu genion ta beak iuala erantzun zigun. Gure aurretik juteko esan genion. Beak ezetz esan zigun, etxea zijuala. Guk berriro aurretik juteko esan genion. Halako baten gure aurretik ibiltzen hasi zan ta gu genden lekun geatu giñan, nola urrutitze zan ikusiz.

Daoneko ikuste ez genunez, furgo-parkiñ aldea jungo ote giñan galdetu nion nere kideai. Baino ez zitzaion ideia ona iruitu, tipua izkutauta eon zitekeela uste baitzun, ta hobena karpa jextia zala pentsatu genun asuntuaz alertatzeko ta jende gehiokin batea parkiñea iyotzeko.

Topatu genitunai pasa zitzaiguna kontatu genien ta karpako jendiai hotsein zien abixua pasatzeko.

Hortan aiginala, tipua juntzanetik 10 bat minututa, jeisten ai zala ikusi genun. Hau da, etzala etxea jun. Kruzatze zitun tipai beira ta erdi segika zebilela ikusi genun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak