Gaztetxe mugimenduak 40 urte, 10 Antixenak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko eka. 17a, 08:35

Antixena gaztetxearen 10. urteurrena antolatzen ari diren gazteetako batzuk. (Argazkia: 'Kontzejupetik')

40 urte dira aurten orduko gazteek Olaitturriko eraikina okupatu zutela, gaztetxeen mugimenduari hasiera emanez. Hamar betetzen ditu Antixenak, eta, urteurren biak batera ospatzeko egitarauaren barruan, zapatua izango da egun handia.

Abenduan betetzen ditu urteak Antixena gaztetxeak, eta orduan ziren ospatzekoak hamargarren urteurrena ere, baina, Oñatin gaztetxeen mugimendua hasi zela aurten 40 urte betetzen direla jabetuta, urteurren biak batera ospatzea erabaki dute. Aste osoan askotariko ekintzak egin dituzte ospakizunen barruan, eta zapaturako, biharko, antolatu dute egun osoko egitaraua.

'Sebastian'-ekin adostuta

Urteurren guztietan egin duten moduan hasiko dute eguna zapatuan, zuhaitz landaketa eginez Antixena parkean. Sarreran dagoen egurrezko taila ere aldatu egingo dute; handiagoa den beste bat jarriko dute. Iluntzeko kalejira elektrotxarangarekin batera egingo dute. Sebastian erraldoiaren kalejiraren ordu berean izango da, eta, topo ez egiteko, adostu egin dute bataren eta bestearen ibilbidea.

Domeka eguerdiko kontzertuak emango dio amaiera aste osoko ospakizunari. Abenduan, baina, beste keinu bat egingo diote urteurrenari eta 40 urte hauetan gaztetxeen mugimenduak herrian eman duena ere jaso eta kaleratu gura dute. Historia jasoko duen erakusketa bat egitea dute buruan, esaterako, abendura bitartean egiteko asmoz.

Egonkortasunaren sasoia

Gaztetxeen mugimenduak sasoi ezberdinak bizi izan dituela garbi ikusten dute egungo Gazte Asanbladako kideek, eta aurreko belaunaldietako gazteek egindako lana eskertu gura dute. "1982an egin zuten lehen okupazioa orduko gazteek Olaitturriko eraikina hartuz. Gauzak apurtzeko eta dauden aukerak ikustarazteko mezua zabaldu zuten haiek, indarra. Lau bat urteren buruan itxi zuten, eta, urte asko gaztetxe barik egon ostean, Kasablankakoa okupatu zuten 2005ean, bederatzi astera bota zutena. San Martingoa hartu arte jardun zuten orduko gazteek eta haien borroka eredugarria izan da. Beste geldialdi baten ondoren etorri zen Antixena, eta hamar urte hauetan egonkortasuna lortu dela uste dugu. Herriko beste eragile bat da, normalizatua dago haren erabilera. Askoren topagunea da. Adin eta interes askotariko jendea batzen da eta aberasgarria da hori. Edonor etor daiteke eta buruan duen ideia edo proiektua proposatu. Egubakoitzetan, 18:00etan, egiten ditugun asanbladak dira horretarako espazio egokiak, eta herritar guztiak animatu gura ditugu horretara", diote gaztetxeko kideek.

Oñatin ez ezik Euskal Herrian ere Antixena gaztetxea erreferentziazko gune bihurtu dela gaineratu dute kideek. "Musikan arloan, adibidez, talde asko pasa dira hemendik eta askok izaten duten Antixenaren berri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak