Gorantz urratsak ematen, tontorra non duen jakin nahian

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 16a, 11:38

Malen Osa Ansa, domekako L'Olla de Núria lasterketako une batean. (Argazkia: Diego Wini)

Urtebete ere ez da igaro Oroeleko Igoeran (Jaka, Espainia) mendi lasterketetan debuta egin zuenetik, eta, geroztik, gorantz besterik ez du egin Malen Osa Ansa oñatiarrak. Ez da oharkabean igaro bere errendimendua mendi munduko marka ezagunenentzat. Hala, Salomon Next Gen taldeko kide berria da joan zen astetik.

Ez da berria mendiarekiko zein mendi lasterketekiko bailaran dagoen zaletasuna, eta errendimenduari begira, hainbat izan dira punta-puntan aritu diren korrikalariak. Ibilbidearen iraupenari eta lorpenei begira, baina, izen bat dago besteen gainetik: Oihana Kortazar Arantzeta elgetarrarena. Salomon etxearekin dihardu urte luzez elkarlanean, eta dozenaka lasterketa irabazi ditu nazio zein nazioarte mailan; tartean, bi Zegama-Aizkorri –2011 eta 2012–. Azken garaipena joan zen domekan bertan lortu zuen L'Olla de Núrian.

Kataluniako lasterketan, baina, gogotik estutu behar izan zituen hortzak Kortazarrek. Puigmalerako igoeran tartea atera zien aurkariei, baina azken jaitsierara bitarteko zeharkaldian segundo eskas batzuetara hurbildu zitzaion helmugan bigarren izan zen Malen Osa Ansa. 10 hilabete eskasean, Espainiako Junior Txapelketa eta bi Aloñako Igoera irabazi ditu 20 urteko oñatiarrak, besteak beste.

Salomon Next Gen

Emaitzatik harago, baina, Osak eman du zeresana azken astean. Izan ere, Salomon Next Gen taldearekin egin zuen iragan astean lehen kontzentrazioa, baita domekan lehen lasterketa ere. Biel Rafols Espainiako Salomon taldeko kidearen gidaritzapean, 2021eko urtarrilean sortu zen taldea, Osak Goienari adierazi dionez, helburu batekin: "Izenak berak adierazten duen bezala, mendi lasterketetan ari garen belaunaldi berriari bide berriak urratzeko aukera ematea da taldearen xedea".

Duela hilabete eskas jarri zen Rafols oñatiarrarekin harremanetan, Espainiako Junior Txapelketa irabazi ostean, hain zuzen. "Hasieran markaren enbaxadore gisa aritzeko deitu ninduten, baina azkenean zuzenean Next Geneko taldean sartu naute", adierazi du. Ez da nolanahiko lorpena, jada maila oso altuan lehiatzen ari diren korrikalariak izango baititu taldekide; besteak beste, Zegama-Aizkorrin hirugarren postua lortu zuen Sara Alonso donostiarra.

Salomonekin antxintxika egitearren eskuratuko dituen baliabide materialez harago, harremanei, formakuntzei eta esperientzia berriak bizitzeko aukerari ematen dio Osak garrantzia: "Jende berria ezagutzeko aukera izango dut, eta entrenamendu, produktu eta komunikazioan formatzeaz gain, nire poltsikotik ordaindu beharko banu joan ezingo nintzatekeen lasterketetan lehiatzeko zein lekuak ezagutzeko aukera emango dit taldeak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak