Berpizkunde igandetik hirurogei egunera izaten da Corpus Christi eguna, eta Pazkoko lehen ilargiak ebazten ditu egunok egutegian. Datak, orduan, aldatu egin daitezke urtetik urtera; ez, ordea, egunean bertan ospatu beharrekoak eta ospakizunak. Oñatin jakina da prozesioa egingo dutela, eta hamabost santuren irudiak aterako dituzte, San Migel patroi. Urtetik urtera, hala ere, zaintzaileak zaindu behar izaten dituzte.
"Santu irudi bakoitzak dauka bere kargu egiten den arduradun bat", argitu du Josu Amondarainek, Kofradiako kideak. "Eurak arduratzen dira gordetzeaz". Hamabost dira, guztira, eta banaketa ezarrita dago: Dukearen etxean, Pragako Jesus haurra; San Esteban ermitan, Lezesarrin, San Krispin eta San Krispiniano; Trianan, San Jose, San Sebastian, San Mikel Aozaraza eta Arantzazuko ama birjina; Casablancan, San Isidro; San Martinen, San Martin eta San Roke; Santa Anan, San Migel goiaingerua; Gomendion, San Juan; Galartzan, Sortze Garbia; Bidaurretan, San Frantzisko; eta, Olabarrietan, San Kristobal.
Protokoloa prestatua dute Corpus Christi egunerako. Bizpahiru egun lehenago, irudiak gordetzen dituzten tokitik mugitzen dituzte, anden gainean jarrita. Kofradiak badauka lantalde bat azpiegitura lanetarako; hau da, objektuok mugitzeko. Udalak uzten die furgoneta horretarako. Hala ere, zenbait kasutan euren kabuz moldatzen dira lan taldebatzuk, Santuaren zaintzaren kargu egiten direnak; San Martinen eta Olabarrietan, esaterako.
Elizbiran atera aurretik atondu egiten dituzte figurok: loreak jartzen dizkiete, tentu handiz gordetako jantziak jantzi... "Hiru eta urte igaro eta gero itzuliko da prozesioa. Beharko dute atontzea", gaineratu du Josu Amondarainek.
Corpus Christiko ibilbidea
Behin elegante jarrita, egunean bertan ateratzen dituzte santuak kalera. Zehaztuta daukate non izango dituzten esperoan, eta zein ordutan, ahalik eta dantzariak iritsi arte. Izan ere, parrokiara eramaten dituzte andariek, dantzariak bidelagun, bertan meza entzun eta, ostean, prozesioan atera ditzaten.
Alderantzizko itzulia egin behar dute behin eguneko lanak bukatuta. Prozesiorako atondu zituzten tokira itzultzen dituzte, hasiera batean, astelehenean bertan jagoten dituzten espaziora eraman ditzaten, hurrengo urtera arte.
Kofradiak gainbegiratzen eta koordinatzen ditu lanak, baina, aurrez esan bezala, zenbait lantaldek bere gain hartzen ditu lanak. San Martin eta Olabarrieta dira bi adibide; Olabarrietan, ordea, San Kristobal izaten dute, Corpus Christi egunetik gaindi egutegi propioa daukan santua.
Uztailaren 10a da haren eguna eta oraindik ere ospakizunak bermatzen dira. "1961ean sortu zen San Kristobal ermandadea", azaldu du Jose Ramon Arrazola Urkiagak, ermandadeko kideak. "Gidariek sortu zuten. Orduan ez zegoen Gizarte Segurantzarik, eta elkarri babesa emateko zen".
Uztailaren 10ean, San Kristobal
Urteetan mantendu den tradizioa izan da gidariak elkartu, ermandadeko kideak zein kideak ez direnak, eta santua andetan jarrita arratsaldeko mezara eramatea. Denetarik elkartu izan dira: kamioiak, autoak, motorrak eta traktore bat. Loreak eta guzti jartzen zutela esan du Arrazolak. Suziriak botatzen zituzten martxa hasi aurretik eta karabanan eramaten zuten elizaraino. "Eskandalua izaten zen".
Elizatik pasatu eta gero itzultzen zuten Olabarrietara eta talde argazki bat atera ohi zuten, afaldu aurretik.
Aurten asmoa daukate eguna ospatzeko, hiru urte igaro eta gero. Dena den, oraindik goiz da egongo dela esateko, kontuak dauzkate-eta ixteko. Besteak beste, igandean tokatzen da aurten, eta parrokoa ezingo da ohiko orduan bertaratu.
Ibilgailuak abadeek bedeinkatu ahalko dituztela uste du ermandadeko kideak, ur bedeinkatua botata santua gordetzen den ermita aurrean.