Lurpea elkartearen ekimenez, Koben XII. Eguna antolatu dute Euskal Herriko zortzi kobazulotan; tartean, Oñatiko Arrikrutzen. Alde batetik, argazki lehiaketa bat egingo dute, zapatua eta domeka artean koba horietan argazkia ateratzen dutenen artean. Irudi bakarra EasyPromos plataformara igorri beharko dute partaideek, ekainaren 6ko eguna bukatu aurretik. Xehetasun gehiago, lurpea.eus-en. Bestetik, Urdazubiko Ikaraburua apartamentuetan asteburu-pasa egiteko eta zortzi kobak bisitatzeko bonua zozkatuko dute asteburuko bisitarien artean.
'Altxorraren bila' familian
Arantzazuko parketxeak, berriz, domekarako programatu du orientazio-jolasa, inguruko ibilbide irisgarrian pistak aurkitzean datzana. Saioa 11:00etan hasiko da, parketxean, eta 12:30ean amaitu. Izena ematea, pertsonako 3 euroren truke, derrigorrezkoa izango da –arantzazu@gipuzkoanatura.eus-era idatzita edo 943 78 28 94ra deituta–, plaza mugatuak baitaude.
