XIX. mendeko Oñatiko hirigintzaz eta eraikinez jardungo du gaur Xabier Zelaiak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko eka. 1a, 14:14
Xabier Zelaia Arza plazan, egin duen liburuaren ale bat eskuetan duela.

Aktak irakurri, datuak jaso, ordenatu eta XIX. mendean Oñatiko hirigintzaren eta etxebizitzen inguruko datu basea osatu du urte askotan Oñatiko aparejadore izan den Xabier Zelaia Arzak. Gaur, eguaztena, egingo du aurkezpena, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:00etan.

100 jardueratik gora jaso ditu Zelaiak datu base horretan: baserriak, burdinolak, pospolo fabrikak, eskolak, medikuaren etxea, pilotalekua... "Kode bat du bakoitzak, eta modu horretara oso erreza izango da informazioa bilatzea. Honen helburua da informazioa jendearen eskura jartzea modu baliagarri baten", dio egileak.

Oiartzunen hasi eta Debagoieneko Mankomunitaten jarraitu zuen lanean Zelaiak –Leintz bailarako herriak eta Oñati zeuden bere ardura pean–; beti arkitekto tekniko moduan. 1980an Oñatiko Udalean hasi zen lanean eta hantxe jardun du, aparejadore moduan, 2011n erretiroa hartu arte; 31 urte. Artxiboak ordenatuta egoteak herriaren eboluzioa eta izandako aldaketak hobeto ikusten laguntzen duela dio eta 1940 aurretik artxiborik ez dagoela ikusita, XIX. mendeko aktak irakurtzen hasi zen, garai horretan herria nolakoa zen hobeto ezagutzeko. Hirigintzara lotutako 13.000 erabakitik gora irakurri eta aztertu zituen, eta horietako 1.400 landu, hor jasotako informazioarekin planoak osatzen joateko.

Planoak ez ezik, lehengo eta oraingo argazkiak ere badatoz datu basearen berri ematen eta Udalak argitaratu duen liburuan: Oñati XIX. mendean. Hirigintza eta etxegintza. Gaur, eguaztena, egingo dute aurkezpena, 18.00etan, Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Liburua 20 eurotan egongo dute salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak