Odei Barroso: "Oraindik leku anitz irabazi behar ditu rapak"

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mai. 27a, 09:29

Odei Barroso rap abeslaria Oñatiko gaztetxean izango da gaur, egubakoitza. (Argazkia: Odei Barroso).

Gaurko Antixenako gaztetxeko rap gauean izango da Odei Barroso 'Odei', Peru Del Hoyo 'Raperu' eta Uki Selektahrekin batera. Barrosok bakarka argitaratu duen lehenengo diskoa aurkeztuko du.

Terapia da aurrez 2zio taldeko kide izan zen Odei Barroso 'Odei'-k argitaratu duen bakarkako lana. Aurrez gaztetxean izandakoa da rap taldearekin batera, eta bertsotan ere aritu izan da Oñatin. Plaza ezaguna du, beraz, eta gaur zapalduko du berriro, 21:30ean hasita.

Hamabost kantu jaso dituzu diskoan. Zein prozesu jarraitu duzu hori osatzeko?

Aski prozesu luzea izan da, bereziki, beatmaking-ean –instrumentalak egiten– hasi nintzelako orain bi urte. Beraz, ordura arte sekula egin gabeko lan bat zen eta Jo Olaskoaga kidearekin batera ikasten hasi nintzen. Pixkanaka baseak egiten hasi, lehenik harekin, gero nire aldetik segitu nuen, eta, nonbait, bi urtean lortu dut disko hau borobiltzea; bai instrumental aldetik, baita testu, flow, grabaketa, nahasketa... eta dituen lan guztiekin.

Zuretzako terapia moduko bat izan da lan hau?

Bai, badu terapiatik. Bakarka plazaratu dudan lehen abestia Terapia deitzen da eta diskoaren izena ere hala da. Nire barrena askatzeko eta hor ditudan korapiloen inguruan itzulika aritzeko bide dut rapa. Beti erraten dut parez pare jendeari edo norbaiti errateko gai ez naizena idazteko gai naizela, behintzat, rapean, eta hori bada askabide bat eta lanketa bat norbere buruarekin.

Kantu batean diozu akatsa dela zure ikaspenik handiena. Zer ikasi duzu akatsetatik?

Ikasi dut berriz altxatzen, hobetzen, kritiko izaten neure buruarekiko eta akatsak onartzen. Horretatik guztitik ateratzen dut gero antzina egitekoa.

Ari izeneko kantu berezia da diskoko azkena.

Bai; rapean ez da ohikoa hori bezain kantu luzeak egitea eta, gainera, bada kantu bat beat-a edo bateria beranduago sartzen dena, uzten diona tarte luze bat letrari sample-arekin, halako garapen bat du kantuak... Aski kantu berezia eta mimatu dudana da.

Badago raparentzat lekurik Euskal Herrian?

Erranen nuke lekua badela; uste dut oraindik leku anitz irabazi behar dituela rapak, hori bai. Ohartzen naiz, hala ere, badirela geroz eta rap kantari gehiago edo, bederen, nik entzuten ditut edo deskubritzen ditut euskaraz ari diren geroz eta rap kantari gehiago; geroz eta estilo anitzagoak, gainera. Izan ere, rapa gaur egun biziki zabala da, rap estetika desberdinetan, gainera, uste dut aski ekoizpen anitza badugula Euskal Herrian, baina sortzaileak baino gehiago, batzuetan iruditzen zait entzuleak falta direla.

Batzuek bertsolari moduan ezagutuko zaituzte gehiago, baina rapean hasi zinen lehenago, ezta?

Bai; bertso eskolan hasi nintzen 13 urteren bueltan eta lehenagotik entzuna eta deskubritua nuen rapa eta zer edo zer idatzia ere bai. Gero, 2000. urtean deskubritu nuen Selektah eta hor izan zen niretzat klik bat rapera begira.

Bertsotan ala rapa egiten sentitzen zara erosoago?

Bi diziplina dira. Desberdina da lehenago dudan sentsazioa, oholtzan dudana eta bertatik jaistean. Ez dut bata bestea baino nahiago; hori bai, orain erabaki dut rapean zentratzea bertsotan baino gehiago. Euskal Herriko bertsolari txapelketan ez dut izenik eman.

Zeure lehengo ofizioa ere utzi duzu honetara dedikatzeko.

Musikaz gain, musika ekoizpenak egiten ditut, bideogintzan ere aritzen naiz eta badut proiektu bat martxan jadanik. Hendaian estudio bat egiten ari naiz, balioko duena bideo muntaketak egiteko, eta baita soinu grabaketak ere. Gainera, izanen da bereziki rapari begira prestatutako eremu bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak