Kirolarekin lotzen da aspaldidanik Ugarte Ramos familia, eta azken astean, bederen, eman dute zeresana. Joan zen domekan Mikel semeak Espainiako Distantzia Luzeko triatloi txapelketan zilarrezko domina irabazi ostean –hona egubakoitzeko Goiena Aldizkarian egindako elkarrizketa–, podiumeko koska berera igo zen atzo Marisol ama Europako maratoi erdiko txapelketan Grosseton, Italian.
35 urtetik gorako kirolarientzat propio antolatutako txapelketan, W60 kategorian lehiatu zen Ramos, 60 eta 64 urte arteko emakumeen artean, alegia –63 urte egingo ditu 2022an–. Ordu bat, 36 minutu eta 23 segundu behar izan zituen Centro Deportivo Via Mercurio egoitzaren inguruan egindako 21 kilometroko ibilbidea osatzeko. Alessandra Gratton italiarra izan zen probako irabazlea, Ramos baino bi minutu lehenago helmugaratuta (1:34:23), eta beste italiar batek osatu zuen podiuma; Eva Toccafondik, hain zuzen (1:36:53).