Mikel Ugarte: "Egunerokoan buruari kontra eginda lortu ditut emaitzak"

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 13a, 19:00
Mikel Ugarte –ezkerretik lehena– Victor Arroyorekin eta Roger Manyarekin podiumean. Argazkia: Espainiako Triatloi Federazioa.

Asteburuan Platja d'Aron (Girona) egindako ironman distantziako Espainiako Txapelketan, elite mailan, bigarren sailkatu da oñatiarra (8.35.22). Lasterketa osoa ikusgai, hemen.

Ironman lasterketa amaitu berritan normala da gorputza oraindik minduta izatea. Mikel Ugarteren (Oñati, 1993) aldakako mina, baina, ez da zortzi ordu eta erdiz egurrean joatearen ordaina, bizikletako tartean izandako erorikoaren ondorioa baizik. Eta, edozelan ere, iazko Espainiako txapeldun Victor Arroyo bakarrik izan zen gauza oñatiarra harrapatzeko. Hain zuzen, gorabehera askoko lasterketa izan zen domekakoa: gurutze-bidea eta, aldi berean, ikasgai ona.

Horrenbeste gorabehera gainditu ostean bigarren poztuak zapore hobea du?

Baliteke. Lasterketa amaieran bigarren nindoan, eta postu horretan erretiratu izana ez niokeen neure buruari barkatuko; hori egin izan banu, gaur negarrez egongo nintzateke.

Urrian Mallorcan lortutako bederatzigarren postuak baino zapore hobea utzi dizu zilar horrek?

Errendimenduari dagokionez, Mallorcakoa lasterketa hobea izan zen, han nazioarteko atletak izan ziren. Domekako lasterketan postuarekin geratzen naiz, bigarren egin izanarekin. Eta lasterketan zehar izandako arazoak gainditu izanarekin.

Ez ziren gutxi izan...

Egia esan, ez. Igeriketako tartea amaituta –bosgarren–, bizikleta hartu eta segituan hartu nuen aurre. Banekien kontrario zuzenak ez zirela igeri ondo egin zuten horiek, atzetik etorriko zirela faboritoak, eta lehenengo 50 kilometroetan denetik izan nuen. Zirkuituan pasabide moduko bat jarri zuten, eta ondoren, hartxintxarra zegoen. Eta bihurgunea hartzerakoan, konturatu nintzenerako lurrean nintzen. Gerrialdearekin jo nuen lurra, baina berotan zaude, altxatu egiten zara eta jarraitu egiten duzu. Segituan konturatu nintzen minez nindoala, eta bizikletako tartean, akaso, ez –180 kilometro–, baina gero korrikako tartean –maratoia– arazo handiak izan behar nituela.

Gorabeherak, baina, ez ziren hor amaitu.

Ez; bizikletan lehenengo postuan nindoala hainbatetan hartu nuen bidegurutze okerra. Ibilbidearen markaketa ez zegoen batere ondo; pentsa, ni grabatzen zebiltzan antolatzaileen motorrak ere nahastu egin ziren hainbatetan. Eta hor denbora galdu nuen. Potentziometroak ere funtzionatzeari utzi zion, korrikako tartean komunera joan behar izan nuen tripak gaizki nituelako... Pentsamendu negatiboen eta positiboen arteko borroka etengabea izan nuen, baina tira, burugogorra ere banaiz, eta...

"BIZIKLETAKO
TARTEAN IZANDAKO

ERORIKOAK DEZENTE

BALDINTZATU ZIDAN

LASTERKETA"

Maratoia elkarrekin hasi zenuten zuk eta lasterketa irabazi zuen Victor Arroyok.

Bai; zapatilak janzten ari ginela esan nion zalantzak nituela korrika egiteko kapaz izango ote nintzen. Bizikletatik jaitsi eta boxerako tartean gorriak ikusi nituen, errenka nindoan, eta neure buruari esan nion modu horretara 42 kilometro egitea gogorra izango zela. Arroyok segituan egin zuen aurrera, baina orduan ekaitza hasi zen eta euri zaparrada galanta bota zuen. Neure buruari gogorarazi nion Gasteizen zenbatetan entrenatu naizen baldintza horietan, eta Arroyo harrapatzeko kapaz izan nintzen. Hor estutu egin zela aitortu zidan gero, baina 20. kilometroan erritmoa aldatu zuen eta ezin izan nion erantzun. Azken kilometroak sufrikarioa izan ziren.

Urteko helburua izan da?

Helburu nagusia, akaso, ez. Uztailean Gasteizko ironman proba egingo dut, eta pentsatu genuen prestakuntza moduan ironman hau ondo etorriko zitzaidala. Ea kolpetik lehenbailehen errekuperatzen naizen, errenka nabil oraindik.

Gasteizen, Hawaiirako txartelak egongo dira jokoan...

Ez da helburua. Hawaiira elite kategorian sailkatzea gustatuko litzaidake, profesionalen mailan, eta horretarako oraindik goiz da. Hasiberria naiz distantzia honetan, baina ez dut baztertzen etorkizunean ahalegina egitea.

Atleta profesional bilakatzeko lanean zabiltza.

Gauza ederra izango litzateke, baina hemen ez da horren erraza. Espainian lauzpabost atleta izango dira ironman distantzian profesional dihardutenak. Gauza bat da marka ezberdinekin babesletzak izatea, edo kolaborazioak. Alegia, marka batek bizikleta ematea, neoprenozko trajea, elikadura... Gastuak aurrezten dituzu horrela, baina soldata lasterketetako sarietatik eskuratzea arriskutsua da, babesle indartsuak behar dira saltoa emateko. Alemanian badakit nire mailan profesionala izango nintzatekeela. Hemen zailagoa da, eta pena da, triatloiak baditu-eta jarraitzaileak. Hala ere, pozik nabil entrenatzaile, nirekin dabiltzan kirolariengandik ere asko ikasten dut.

"HAWAIIRA ELITE
KATEGORIAN JOAN

NAHIKO NUKE, BAINA

ORAINDIK GOIZ DA

HORRETARAKO"

Eguneroko bizitza kirol jarduerara %100 bideratzea eskatzen du horrek.

Norbaitek pentsatuko du kirolari profesional baten moduan bizitzea ederra dela, entrenatzeaz bakarrik arduratzen garelako. Baina nik lortu ditudan emaitzak lortu ditut egunero neure buruari kontra egiten diodalako. Lagunek gauza bat egin behar dutela, zuk kontrakoa. Domeka goizean bost orduz bizikletan ibili eta gero atseden hartu nahi duzula, ba, arratsaldean korrika egitera. Hotz eta euria egiten duela, ba, entrenatzea tokatzen da. Metro bat ere ez dut barkatzen; izan ere, alde horretatik, oso-oso zorrotza izan behar duzu, eta lehen esan dudana, burugogorra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak