Eguaztenean utzi zion Asier Guridik duela hilabete baino gehiagotik egiten ari zen gose grebari. Hala eman zuen jakitera sare sozialetan: "Caracasko Perez de Leon ospitalean artatua izaten, une honetan; etengabeko goragale eta gorakoen aurrean". Gose greba eten bai, baina borrokari uzteko asmorik ez zuela adierazi zuen: "Ez diot borrokari utziko; semeagatik, nigatik, gugatik! Injustizia ankerra delako!".
Guridi 2005ean iritsi zen Venezuelara, Espainiatik ihesi, eta 2013an atxilotu egin zuten. Ordutik, ez du nortasun juridikorik, eta behin eta berriz salatu du 2008an jaiotako semeari euskaldun herritar eskubideak transmititu ezina. Venezuelako Komisio Nazionalak errefuxiatu izaera onartu zion abenduan, eta hori aitortuko duen zedula edo agiria eskatzen du; tramitaziorako, baina, indarrean dagoen pasaportea eskatzen diote, eta horrek du blokeatuta prozesua, Espainiak ez baitio pasaporterik ematen.
Egoera larrian
"Nahikoa egoera kritikoan dago", adierazi du Asier Guridiren bikotekide Maria Diazek GOIENAk haren egoerari buruz galdezka deitutakoan, ospitaleratzearen biharamunean. "Ez zuen itxura onik bere osasunak: nahikoa txartuta zegoen, ezin zuen hitzik egin, odola botatzen zuen gernuan, goragale handia zuen..."; eta gehitzen zuen: "Semea, ni eta familia lasaiago gaude, ospitalean dagoelako; baina ez dago arriskutik kanpo". Horrela, egoera kezka handiz bizi izaten ari direla zioen Diazek, eta semeari asko eragin ziotela hilabetetik gorako gose grebaren ondorioak agerian uzten zituzten aitaren irudiek. "Semeak asko sufritzen du", zioen.
Bikotekidearen borrokaren gordintasuna ere nabarmendu du: "Politikarekin zerikusirik ez duten zenbait pertsonaren laguntza izan du, elkartasunagatik laguntza eskaini dioten pertsonena; baina, bestela, bakarrik egon da, kalean, Caracas moduko hiri batean, kalean. Egun batean jo egin zuten sakelakoa kentzeko; hidratatzeko zuen ura kendu zioten... Eta hori dena gertatu da Espainiako Kontsulatuaren oinetan". Venezuelako Gobernuaren babes falta ere deitoratu du.
Diazek salatu du politikariei ez zaiela "jendearen bizitza inporta, botoa eman behar dutenean salbu", eta, horrekin batera, itxaropena agertu du Guridi ospitaletik irten eta gose grebak eragindako ondorioak ez daitezen "oso larriak" izan.