Jardunari berrekin dio Elkarrekin Bila taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko api. 14a, 15:19

Elkarrekin Bila egitasmoko boluntario taldea Arantzazun, martxoaren 26an (Argazkia: Elkarrekin Bila).

Bizi-zailtasunak dituzten pertsona eta taldeei bizpahiru eguneko egonaldia eskaintzen diete boluntario hauek Arantzazun, bertan ekintzak eta ingurura irteerak eginez. 2022ko urtea lotuta dute dagoeneko; joan den astean egon da urteko lehen taldea.

Bizi-zailtasunak dituzten pertsona eta taldeei –gaixoak, menpetasunen bat dutenak, babesik gabe dauden adin txikikoak, presoak, nolabaiteko urritasuna dutenak...– Arantzazun egonaldi bat eskaintzea da Elkarrekin Bila proiektuaren nahia. Pandemiak bi urtez eten du jarduna, baina hasi da berriz taldeei harrera egiten. Joan den astean izan da aurtengo lehena; hiru eguneko egonaldia egin dute Bizkaiko Lagun Artean taldeko 25 bat lagunek.

Boluntario taldea

Arantzazuko frantziskotarrek, 2014an, laiko talde batekin batera bultzatutako proiektua da Elkarrekin Bila. Arantzazuk ematen dituen aukerak baliatuz, pertsona eta talde horiei egonaldi atsegina eskaintzea dute helburu, beren egunerokotik irtenda. Bizitzeko beste molde bat bistaratu, horrela pertsona bezala hazten laguntzeko euren barruko konfiantza sortuz, eta bizi dituzten zailtasunei aurre egiteko bidea ikus dezaten.

Hori du helburu talde honek, eta, lortu guran, denetariko ekintzak prestatzen dituzte eurekin batera egiteko. Hogei bat lagunek osatzen dute Elkarrekin Bila egitasmoko boluntario taldea, eta, txandaka, euretako hiruzpalau lagun egoten dira, egunero, kanpotik datorren taldeko kideekin eguna pasatzeko. Harrera egiten diete eta eguna elkarrekin egiten dute. "Haiendako ikasteko eta gozatzeko egonaldi bat da, baina guk ere ikaragarri ikasten dugu eurekin", dio boluntario taldeko Alazne Guridik. Ekintzak prestatzeaz gain, horietarako diru laguntzak lortzen ere ibiltzen dira boluntarioak, egonaldia doan izan dadin bisitariendako.

Irteerak eta magia ikuskizunak

Arantzazuko Asis Topagunean, fraideen etxean, hartzen dute ostatu talde hauek; hango jangelan eta logeletan egiten dituzte jatorduak eta loak. Bizpahiru eguneko egonaldiak egiten dituzte era askotariko ekintzak izaten dituzte prest boluntarioek eurekin batera egiteko. Adibidez, Gomiztegira joaten dira oinez edo autoetan eta han zer egiten duten ikusten dute, bertako batek azalduta. Arrikrutz Kobetara, Pottokalekura eta Urbiara ere joan izan dira, eta baita Oñatira ere; Txokolateixia bisitatu eta Usako eta Ur-jauziak ikusi dituzte irteera horietan. Leintz Gatzagako Gatz Museora ere joan dira, Urkulutik, eta baita Legazpira, Mirandaolako burdinolak gertutik ikustera.

Irteerez gain, ikuskizunak eta tailerrak ere izaten dituzte Arantzazun bertan. Oraintsu egon direnek, esaterako, arte eta kultura tailerra egin dute. Potx magoa ere joan izan da magia ikuskizunak egitera, eta Xabier Ugartek eta Malen Imazek, adibidez, musika eraman izan diete. Herri ko beste eragile batzuekin ere badute harremana ekintzak antolatzeko: Ulmarekin eta MUko robotika adarrarekin, esaterako.

Hainbat kolektiborekin

Programaren edukia erakunde bakoitzarekin zehazten dute aldez aurretik, bakoitzaren ahalbideak eta beharrak kontuan hartuz, eta taldeko boluntarioekin batera egiten dituzte.

Aurtengo urtea itxita dute dagoeneko; hau da, zein talde eta noiz etorriko den lotuta, zehaztuta. Hamar-hamaika bat talde etortzen dira urtean, normalean, hogei edo 25 lagunekoak; 200 pertsona pasa urtean. Hasi zirenetik, 2014tik, 1.100dik gora. Euskal Autonomia Erkidegoko taldeak izaten dira etortzen diren gehienak, eta tartean daude, esaterako: adimen urritasuna duten eta babesgabetasun egoeran dauden pertsonak zaintzea helburu duen Atzegi, Gipuzkoan adineko pertsonak eta gaixotasun mentala dutenak artatzen dituen Hurkoa, hiesa eta beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonen bizitza hobetzen laguntzen duen T4 taldea, espetxeko esperientzia izan dutenekin lan egiten duen Arrats elkartea, Bilbon bazterketa-egoera larrian dauden pertsonak gizarteratzea helburu duen Zubietxe, Aita Menni eta droga-menpekotasunarekin arazoak dituztenekin lan egiten duen Gizakia Helburu taldekoak. Oñatiko Zehar elkartekoekin ere egiten dituzte egun-pasak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak