Jokin Altuna: "Buruz burukoa, ligaxkarekin, oso-oso gogorra izango da"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko api. 13a, 11:11

Jokin Altuna, domekan, Oñatin.

Martijarekin batera binakako txapela jantzi eta astebetera, Oñatin jardun zuen domekan Amezketakoak, Zubikoa pilotalekuko harmailak goraino beteta zirela.

Final gogorraren ondorenak erasanda-edo, txapeldunak ez zuen partidu ona jokatu Oñatin, eta 8-22 galdu zuen, Rezustarekin, Irribarriaren eta Zabaletaren kontra: "Giro ederra zegoen frontoian, eta pena dut; maila kaskarra eman dut, baina, tira, beti ezin da, besteek asko jokatu dute eta erraz irabazi digute".

Altuna zaitugu bigarren abizenez ere. Askok ez dute jakingo sortzetik beretik pilotarekiko lotura eragin dizun osaba erremontistekiko ahaidetasuna amaren aldekoa dela.

Hori da, bai; osabak, Imanol eta Garikoitz, erremontistak izan ziren. Askok uste dute aitaren aldetik datorkidala lotura, baina ez.

Eta zeu ibili izan zinen erremontearekin?

Bai, nahikotxo ibili nintzen, 14 bat urtera arte. Asko gustatzen zait. Orain ere joaten naiz ikustera, eta gustatzen zait erremontean ibiltzea.

Baina, bere garaian, eskuaren aldeko apustua.

Bai; adin batera iristean, aukeratu egin behar da bat edo bestea. Hala aukeratu genuen, eta gustura.

Azken txapelketan bikotekide izan duzun Martijaren pianorako abilidadea ezaguna da; piano jolea duzu ama ere, eta pilotan, agian, ez, baina zu pilota eskolakoekin hasi izanak ba omen du loturarik zure amak ematen zituen klaseekin.

Toki berean ibiltzen ginen. Bera goian, klaseak ematen, eta ni behean, pilotan. Eta bai, berez, nire adinekoak baino zaharxeagoak zebiltzan orduan; Xaltonek [Zabala], entrenatzaileak, gazte-gaztetatik han ikusten ninduen, eta goiz hasi nintzen entrenatzen, bai. Beti hantxe sartuta; entrenatu, eta amagana, merienda hartzera. Frontoian ordu asko sartutakoa naiz, bai; baina ni eta beste pilotariak, denak berdin.

Orain ere ibiliko dira umeak pilotan Amezketan. Ez dakit jarraitzen dituzun, edo joaten zaren edo...

Bai; astean behin joaten naiz, astearteetan, umeekin egotera. Ahal dudanean joaten naiz, gustuko dudalako umeekin egotea, eta eurei, ahal dudan gauzetan, animatzeko.

Haiek ikusten dituzunean, ikusten al duzu Jokin haiengan islatuta edo zaila da Jokinek umetatik izan duen pilotarako gogo eta grina horiek edukitzea?

Batzuei ikusten diet afizio handia dutela. Entrenamenduetan ez ezik, herrian ere askotan ikusten ditut pilotan. Beste batzuei gehixeago kostatzen zaie. Hori betikoa da, kirol guztietan gertatzen da.

Ba al dakizu zeinen kontra tokatu zaizuen Herriartekoan?

[Barre] Bai, Oñatiren kontra. Azalduko gara, igual etorriko gara hona ere, eta ea zer moduz.

Ze pronostiko egiten duzu? Nolako taldea du Amezketak?

Urte nahikotxo egon gara taldea atera gabe, eta garrantzitsua da berriz ere ateratzea; eta hurrengo urteetan ere horretarako moduan egotea. Helburua ez da partiduak irabaztea, baizik eta ateratzen direnek maila ona ematea eta ahal den gusturen geratzea, pilotan ilusioz segitzeko hurrengo urteetan ere.

Ilusioa Martijarekin txapelketa lortzeak egin dizu; lehen txapela binaka, buruz burukoari eta lau eta erdikoari binakakoa gehitu eta hiru txapelak edukitzea...

Kristorena, ilusio handia, egia esatearren. Hilabete luzeetako lana izan da, eta, irabazita, osooso pozik.

Buruz burukoa polita dator orain [astelehenean aurkeztu zuten]. Aurrez txapela jantzi duzuen lau pilotari izango zarete, besteak beste; eta nobedadeak ere badira: final-laurdenetako ligaxka izango du txapelketak. Gogorra dator.

Oso gogorra datorrela esango nuke. Ez dakit nola iritsiko naizen. Denbora asko daramagu lehian, eta pilotariontzat ez da erraza; ez niretzat bakarrik: pilotari asko ari da urte osoan zehar partidu asko jokatzen, txapelketaz txapelketa. Eta orain, ligaxkarekin, oso-oso gogorra izango da, baina bueno... Inportanteena da txapelketa ona ateratzea, eta ea jendeak gozatzen duen; eta pilotariok ez dugun eskuetatik hainbeste sufritzen eta ondo bukatzen dugun.

Ez dakit, bada, askorik gustatzen ote zaizun ligaxkaren kontu hori.

Uf, ez dakit, ikusiko da; txapelketak berak erakutsiko du jendeak eskuetatik-eta nola bukatzen duen. Egia da marjina ematen dizula, partidu bat galtzen baduzu ere, beste aukera bat daukazula. Ikusiko dugu zer moduz ateratzen den.

Hasteko, zerorrek nahiko duzu finalean egon; baina, iaz gertatuagatik, Artolarekin [sailkatu bai, baina ezin izan zuen jokatu, min hartuta] izatea... ederra litzateke.

Oso polita litzateke, baina hori oso zaila da. Azken urteetan finalak beti desberdinak ari dira tokatzen. Maila handia dago, eta edozeinek du sorpresa ematea; bueno, ez litzateke sorpresa.

Finala, Iruñean. Hori ere, polita.

Bai; buruz burukoaren finala ez da inoiz Iruñean jokatu, eta polita izango da. Polita izango litzateke han egotea, baina, bueno, inportanteena, ea txapelketa ona ateratzen den.

Oñatin izan zarete gaur [domeka]. Maddalen Etxegarai eta Uxue Oses ari zaizkigu nabarmentzen hemen aspaldian. Ze iritzi duzu neskak pilotan egiten ari diren bideaz?

Pilotan zenbat eta jende gehiago ibili... hori da inportanteena. Ikusten da afizio handia dagoela nesketan ere, eta hori positiboa da pilotarentzat. Neuk ere badut oroitzapen bat: nire arreba ere oso ondo ibiltzen zen pilotan, eta behin torneo batera apuntatu gintuzten biok. Niri izugarrizko ilusioa egiten zidan jokatzeak, eta berari, berriz, garai hartan, lotsa ematen zion. Gauzak aldatu izana denontzat da ona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak