Hondakinen esekitokiak egokitzen ari dira

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko api. 15a, 11:20
Otadui zuhaiztiko guneetan egin dituzte dagoeneko aldaketak.

Etxeko hondakinen ontziak eskegitzen diren guneak egokitzen ari da Mankomunitatea Oñatin, Udalarekin batera. Esekitokietako beheko lerroak kentzen ari dira, erosoagoa izan dadin ontziak uztea eta hondakinak lurrean uzteko ohiturari trabak jartzeko.

Haizete handiko egunetan edukiontziak tokitik atera eta airean eramatea konpondu guran hasi zen Oñatiko Udala hondakinen esekitokietan aldaketak egiten, duela urte batzuk. Orain, aldaketa horiek hobetzen ari da Mankomunitatearekin, behealdean daudenen erabiltzaileek azaldu dituzten arazoak ere konpontzeko asmoz eta, era berean, lurreko txukuntasuna hobetzeko helburuarekin.

Ehunetik gora gune

Haize boladari eusteko, gako edo hagindun pieza borobil batzuk ari ziren jartzen, ontzia han ondo kateatzeko. Babesak ere jarri zituzten hainbat gunetan; toki haizetsuetan eta erreka ondoan daudenetan, esaterako, ontzietako zikina errekara heldu ez dadin. Eta neurri horiekin jarraituko dute aurrerantzean ere. Horrez gain, baina, eta Antzuolan egin dutena adibide hartuta, zintzilikarioen beheko lerroko ontziak uzteko tokiak kentzen ari dira; zinta batekin tapatu ditu Mankomunitateak. Hondakinak uztea erosoagoa izatea da aldaketa horrekin lortu gura duten helburuetako bat, eta beste bat, hondakinak lurrean uzteko ohitura kentzea herritarrei.

Ehunetik gora gune daude Oñatin etxeko hondakinak uzteko, eta bakoitzean hainbat zintzilikario. Kendutakoak, beheko lerrokoak, poste bereko goiko aldean edo tokian tokiko aukerak ikusita ari dira irtenbideak jartzen. Aldaketak egiten zaizkien herritarrei atarian oharra jarrita jakinarazten zaie aurrerantzean zein esekitoki berri erabili behar duten. Astero batzen dira Udaleko eta Mankomunitateko ordezkariak aldaketa hauei buruz berba egiteko. Kale bakoitzeko gune bakoitzerako ze proposatzen duten adierazten dute Mankomunitateko teknikariek, eta Udalekoekin adostu. Otadui zuhaiztiko guneetan, esaterako, egin dituzte aldaketak.

Eskuorria

Hondakinak lurrean uzteko ohi- tura zabaldu egin dela ere konturatu dira udal ordezkariak, gune batzuetan, batez ere, eta ikuskaritzak gehitzeko eskatu diote Mankomunitateari, eta guneen egoerei jarraipena egiteko. Hala, intzidentziak jasotzen dituzte Mankomunitateko langileek eta oharrak utzi bai ontzia egun askotan jaso gabe duenari eta baita kuboa edo plastikoak lurrean uzten dituenari ere. Apirilean eskuorri bat banatuko du Mankomunitateak etxez etxe, hondakinen inguruko informazioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak