Jone Zalduegi: "Erasoak identifikatzeak tresnak emango dizkigu"

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko api. 7a, 09:05

Jone Zalduegi.

Autodefentsa ziberfeministari buruzko saioa gidatuko du Emoki zerbitzuko Jone Zalduegi hezitzaileak Oñatin hilaren amaieran, 16 eta 25 urte bitarteko emakumeendako, Jabetze Eskolaren barruan. Zabalik dago izen-ematea.

Jabetze Eskolaren baitan, urtero lantzen dute autodefentsa feminista, modu batera edo bestera, "indarkeria matxisten aurrean estrategia bat planteatzen duelako". Apirilaren 28an, autodefentsa ziberfeministarekin lotutako saioa egongo da, 16 eta 25 urte arteko neskendako, Euskaldun Berria gelan, doan. Emokiko Jone Zalduegi (Bilbo, 1987) izango da irakaslea. Aurrez eman behar da izena.

Ohikoak dira erasoak espazio digitalean?

Denok gaude espazio digitalean, guztiok erabiltzen ditugu. Harremantzeko tokiak ere badira, egoerara moldatu dira, eta arazoak sortzen dira batzuetan, bai.

Eman ditzakezu adibide batzuk?

Neska batek norbaitekin argazki bat partekatu, hark beste batekin, hirugarren batek sare sozialen batera igo eta izugarrizko bola handi bat sor daiteke. Gure momentu erotikoak, gozamenarekin lotura dutenak, ere badaude, eta, sarri, min egiteko erabiltzen dira horiek, baita mehatxu moduan ere. Eta ez dut esan gura horiek egin behar ez ditugunik, erotikarekin berotzea ere zilegi da. Horrelakoetan jakin behar dugu, adibidez, aurpegia ez erakusten edo ditugun bereizgarriak –tatuajeak, orbanak, piercingak...– ezkutatzen. Norbera aurpegi txarrarekin agertzen den argazkia ere erabiltzen da min egiteko.

Harreman barruan zein kanpoan gertatzen dira?

Bai. Harreman baten barruan, esaterako, kontrolak indar handia hartu du, emakumea kontrolatzea, kokapena une oro jakin beharra, kalera zein jantziekin atera den ikusi beharra... Eta bideoei eta argazkiei egiten zaizkien iruzkinak, epaiketak, normalizatu egin dira. Emakumeak eta LGTBQ kolektiboa oso erasotuak izaten dira, adibidez. Egunerokoan ere ikusten da hori, eta espazio digitalean ere gertatzen da, bizitzaren isla bat da. Atzerapausoa eman dugu.

Eta zer egin horrelakoen aurrean?

Ahalduntze barruan, oso garrantzitsua da eraso horiek identifikatzea. Formak, moduak, identifikatzen baditut, nik ere tresnak izango ditut horiei erantzuteko. Autozaintza, autoezagutza eta niretako osasuntsua den bizitza bat nola bizi ahal dudan jakitea oso garrantzitsua da.

Hitz egiten da lagunen artean egoera hauei buruz?

Partekatzea beti da ona. Laguntza, berotasuna, garrantzitsuak dira. Nagusiek elkarren artean bai, baina gurasoekin ez.

Zer egin dezakete gurasoek?

Batzuetan, nahikoa da ezagutzea eta egotea. Gurasoek ez dute une oro jakin behar seme-alabak zertan ari diren, baina komeni da hasieratik gaia lantzea. Egun, Lehen Hezkuntzan hartzen dute lehen eskuko telefonoa gaztetxoek. Garrantzitsua da une horretatik eurekin batera partekatzea erabilerak, orduak, hitz egitea jolasten ari diren bideo-jokoez, ezagutzen dituzten espazio digitalez, laguntza eta tresnak eskaini... Jarraibide batzuk jarri eta erabilera partekatzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Horrez gain, noski, gaztearen animoan edo jarreran, adibidez, arreta jartzea ere ondo legoke.

Zer izan behar dugu kontuan?

Zenbat gu garen espazio digitalean, eta zenbat eragiten digun. Ia dena da gezurra hor, baita argazkiak ere, aukeratu egiten ditugu-eta zeintzuk igo. Norberaren estimua atsegin kopuruan neurtzea ez da ona. Bestalde, kontuan izan behar dugu espazio digitalera bidaltzen dugun guztiak duela eragina, eta dena gelditzen dela erregistratuta, ezabatzen diren iruzkinak barne. Modak eta talde presioek eragin handia dute, baina gauza asko daude aisialdirako, eta bilatu egin behar dira, zaila izan arren. Bizitza osasuntsua izatea da garrantzitsua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak