'Frankenstein' liburua oinarri, gutun musikatua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko api. 4a, 13:52

Markinan eskaini zuten Frankenstein agurgarria emanaldiaren une bat. Argazkia: Urko Ansa.

Frankenstein agurgarria izeneko ikuskizuna eskainiko dute Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak eta Petti musikariak apirilaren 5ean, 19:00etan, kultura etxeko zinema aretoan; udal liburutegiak antolatu du eta sarrera dohainik izango da, baina aurrez eskuratu behar dira gonbidapenak Txokolateixan edo Oñati.eus atarian.

Gutun musikatu bat da, Mary Shelleyk 1818an idatzi zuen Frankenstein liburua oinarri duena. "Orain dela 200 urte baino gehiago idatzi zuen, garai oso nahasian, eta paralelismo handia dauka, gauza askotan, garai hark gaur egungo giroarekin eta kezkekin, esaterako: gizateriari buruzko kezkak, beldurrak, autoritarismoa, ingurumena, zientziaren aurrerapenek sortzen dituzten zalantza etikoak... Horiek guztiak Mary Shelleyren garaian bazeuden, liburuan ondo jasota daudenak, baina gaur egun kezka horiek gure gizartean ere badaude; hortaz, ikuskizunarekin dugun helburua, batetik, liburuaren izpiritua gaurkotzea da, Victor Frankenstein pertsonaiarekin eta gutun bidez kontatuz, eta, bide batez Mary Shelleyren figura eta lana aldarrikatzea eta lehen planora ekartzea ere bai", dio Ana Galarragak.

Ana Galarraga (sortzailea): "Frankenstein’ liburuaren izpiritua gaurkotu nahi izan dugu"

Mary Shelley idazlearen jarraitzailea dela aitortzen du zientzia-komunikatzaileak. "Liburu ikaragarria idatzi zuen eta amorru handia ematen dit, orokorrean, jendeak liburuan oinarritutako Frankenstein filma bakarrik ezagutzeak eta liburua existitzen denik ere ez jakiteak. Ez da beldurrezko liburu bat, beldurra eta kezkak sortzen dizkiguten gai asko tratatzen baditu ere".

Petti, "konplizea"

Itxialdian ekin zion Galagarrak proiektuari. "Liburuko gaiak gaur egunera ekartzeko garai aproposa iruditu zitzaidan, denbora nuelako, batetik, eta bizi genuen eta oraindik ere bizi dugun egoera nahasgarriagatik. Liburuan agertzen diren gaiei buruzko testuak idazten hasi nintzen orduan, gaurko begietatik begiratuta, eta hala agertuko dira, esaterako, gerra zibila, feminismoa, zientzia eta beste hainbat gai ere propio ikuskizunerako sortutako testu horietan".

Ikuskizunerako konplize bila hasita, Galagarrak ez zuen zalantzarik egin Pettiri proposatzeko orduan. "Pettik gai horiei –beldurra, damua, errua...– asko kantatu diela aprobetxatuz, haren uzta oparotik ondo egokitzen diren hainbat kantu aukeratu zituen eta ikuskizunerako moldatu zituen gero. Denetariko kantuak daude, dagoeneko kontzertuetan jotzen ez dituen hainbat ere horien artean. Gitarra elektrikoa eskuetan, alboan izango dut agertokian. Ikuskizunaren formatua ez da testuen eta kantuen txandaketa hutsa, bion artean osatzen goaz; hau da, gidoian edo gutunean ondo josita daude kantuak eta testuak".

Bihar, martitzena, Oñatin

Urtarrilean Baztanen egiten duten (H)ilbeltza euskal nobela beltzari buruzko astean estreinatu zuten. "Testuinguru aproposa iruditu zitzaidan ikuskizuna aurkezteko, eta, hasiera batean, emanaldi bakarra egitea zen asmoa, baina, izan zuen harrera onak bultzatuta eta ikusleen barrenak mugiarazi genituela ikusita, beste hainbat saio ari gara lotzen. Helduentzako ikuskizuna da, ordubete inguru irauten duena".

Markinan izan dira, eta apirilaren 5ean, martitzena, Liburuaren Egunaren egitarauaren baitan, Oñatiko kultura etxeko zinema aretoan izango dira, 19:00etan. Sarrera dohainik izango da, baina aurrez eskuratu behar dira gonbidapenak, Txokolateixan edo Oñati.eus atarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak