Kirol egokitua denentzat izenpean, Oñatiko Eskola Kirolak alboan izango du Atxintxika Triatloi Taldearen kirol egokituko saila bihar, zapatua, 09:15ean hasita Zubikoa kiroldegian egingo du- ten askotariko kirol egokituak probatzeko jardunaldian.
Askotariko kirolak
Kiroldegiko hiru gunetako bakoitzean –frontoian eta bi kantxetan– hiruzpalau kirol probatzeko aukera izango dute eta taldeka umeak txandakatzen joango dira, kirol guztiak probatzeko aukera izan dezaten. Hauek izango dituzte, zehazki: boleibol egokitua, ping-ponga eta badmintona, atletismoko aulki gurpildunak ere egongo dira, handbike-ak eta eskuko bizikletak ere bai, itsuek bezala korrika egiteko antifazak, boccia eta goalball izenez ezagutzen den itsuendako futbola.
Emaitzak eta denborak bakarrik ez, kirola hori baino askoz gehiago dela azpimarratu du Atxintxikaneko Aitor Rementeriak: "Gure proiektuaren muina da integrazioa eta normalizazioa erakustea, edozeinek kirola egin ahal duela. Eta dauden kirol desberdinetatik batzuk aukeratu ditugu etxean egon daitezkeen neska-mutiko edo nagusiei ere ikustarazteko kirola egitea ez dela ezinezkoa inorendako. Kirol mota bat ez bada, beste bat izan daiteke. Kirolak dauzkan balioak –laguntasuna, talde lana eta gauza nekezei aurre egiteko gaitasun hori– edozeinek izan ditzakeela erakutsi nahi dugu. Beste balio pila bat dauzkala kirolak". Gaineratu du txikitatik umeei hori irakatsiaz nagusitan egon daitezkeen "arazo ugari ekidin" daitezkeela.
Lehen aldia
Guztira, 215 neska-mutiko espero dituzte. Oñatiko Eskola Kiroleko gaztetxoez gain, bailara mailan kirol egokituan dihardutenak ere izango dira. Gidari lanetan hogei monitore inguru egongo dira; herriko, Arrasateko eta Bergarako eskola kiroleko hainbat monitore eta Atxintxikaneko hainbat lagun.
Antolaketa lan handia izan duela adierazi dute; esaterako, hamar aulki gurpildun Gasteizko Zuzenak kirol taldetik ekarriko dituzte. Bailara mailan horrelako jardunaldi bat antolatzen lagunduko duen lehen aldia izango da Atxintxikakoendako, eta sentsibilizazioan lan asko egiteko dagoela esan du Rementeriak: "Ez gaude ohituta aulki gurpildunak eta itsuak kirolean ikustera... Norberak joan behar du aukerak bilatzera. Lan handia daukagu egiteko".