Gobernantzaren berrikuntzan "kontsolidatuta" bete du lehen urteurrena Arantzazulab-ek

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 10a, 15:31

Arantzazulab-eko sustatzaile diren erakundetako arduradunak, Naiara Goia laborategiko zuzendari nagusiaren azalpenak entzuten. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Arantzazulab-en sustatzaile diren erakundeen arduradunak bildu dira gaur goizean laborategiaren lehen urteko balantze bilera egiteko. Ikerketan, esperimentazioan eta dibulgazioan bidea eginda, elkarlaneko gobernantzaren berrikuntzan proiektua "guztiz kontsolidatu" dela eta laborategiari "oinarri sendoa" ezarri zaiola adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Urtebete bete da gaur Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategiak Arantzazuko Gandiaga Topagunean ateak ireki zituenetik. Lehen urtemugaren harira, proiektuaren sustatzaile diren bost organoetako arduradunak –Gipuzkoako Foru Aldundia, Mondragon Korporazioa, Kutxa Fundazioa, Oñatiko Udala eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintzia– Naiara Goia laborategiko zuzendari nagusiarekin bildu dira. Laborategiaren lehen hamabi hilabeteetako balantzea egitea izan da batzarraren xedea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsa ohar bidez adierazi duenez, misio argi batekin sortu zen zentroa: "Elkarlaneko gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatea, herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena". Bada, lehen hamabi hilabeteetan erreferentzialtasun hori lortzeko "oinarri sendoa" jartzen hasi dela adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Neutraltasunetik nazioartera

Adostasun zabalen gune izateko, sentsibilitate eta ikuskera ezberdinak batzeko, zein Euskal Herriko kultura politiko ezberdinekin lan egiteko espazio gisa sortu zen Arantzazulab. Aniztasun eta neutraltasun horretan jarri du enfasia Olanok: "Topagune Neutral izaeraren aitortza nabarmendu nahiko nuke; hainbat eragilek hausnarketa askerako topagune eta esperimentazio berritzailerako babes gune gisa definitu dute". Bide horretan, gaineratu du inguru hurbilean zein nazioartean "arreta piztu" duela laborategiaren jardunak.

Urteurrena, datutan

Ikerketaren, esperimentazioaren zein dibulgazioaren ildoak landuz, 165 eragile baino gehiagorekin egin du kontaktua berrikuntza zentroak lehen urtean. Horietatik 85 elkarlanean aritu dira, 7 batzordetan parte hartzen, eta 9k lankidetza hitzarmena sinatu dute. Ikerketan, esaterako, 40 ikertzaile baino gehiago bildu dituen topaketak egin dira; esperimentazioan 20 eragile baino gehiago elkartu dira Arantzazulab-en "ekosisteman"; eta, azkenik, dibulgazioan, 18 forotan hartu du parte laborategiak, 9 formakuntza programa emateaz gain. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak