Hurrengo egunetan errefuxiatu gehiago iristea litekeena dela adierazi dute Zeharretik, eta Europak estatuen artean eta Espainiak erkidegoekin bakoitzak hartuko duen errefuxiatu kopurua zehaztu bitartean, lekua duten artean eta arreta eman dezaketen artean, iristen diren pertsonak hartzen jarraituko dutela.
Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak goizean Euskadi Irratian adierazi du dozena bat lagun iritsi direla, oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoetara –beste zenbait, berriz, hemengo familietara–.
Aurrerantzean ere etor daitezkeen errefuxiatuak hartzeko baliabideak antolatzen ari dira erakundeak –Aldundia eta udalak, Eudelen bitartez, ere bai–, eta Legarretak adierazi du norbanakoen eskaintzak ere baliagarri izan daitezkeela –jendea hasi ei da, adibidez, bigarren etxebizitzak eskaintzen–, eta horiek jaso eta kudeatzeko helbide hau jarri dute herritarren eskura: errefuxiatuak@euskadi.eus.