Landaola saria jaso du Gomiztegiko Artzain Eskolak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 4a, 17:11

Urteetako Ibilbideari Saria eman diote Arantzazuko Artzain Eskolari. Landa eremua sustatzen urteetan egindako lana aitortu diote. Sariketarako Debagoieneko beste bi hautagai zeuden, baina Baserritik Zuretzat kooperazio proiektuak eta Hernaniko Udalak jaso dituzte sail horietako sariak.

Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak bosgarren Landaola Sariak banatu ditu gaur eguerdian Azpeitian. Debagoienari dagokionean Urteetako Ibilbideari Saria jaso du Gomiztegiko Artzain Eskolak. "Artzain munduaren egoera larriari irtenbide bat emateko sortu zen Gomiztegiko Artzain Eskola 1997an. Bederatzi ikaslerekin ekin zion bere bideari eskolak; ekintzailetza eta prestakuntza dinamizatuz, ardi eta ahuntz esnearen balio-katea suspertzen laguntzeko helburuarekin", azaldu dute sariketako bultzatzaileek. "Artzain Eskolak, urte guzti hauetan prestakuntza eredu bat garatu du, non prestakuntza enpirikoa, enpresako praktika etengabea, ardien eta ahuntzen balio-katearen ezagutza integrala –animaliatik hasi eta esnekien salmentaraino–, baserri enpresako bizipenak, eraginkortasuna edo lankidetza lantzen diren (…) 25 urte hauetan, 307 ikasle pasatu dira Artzain Eskolatik; 244 gizonezko eta 63 emakumezko. Etorkizunari begira, Artzain Eskolak sektorea biziberritzeko erreferentziazko eragile izaten jarraitu nahi du, bidegurutze, elkargune eta erreferentzia ardi eta ahuntzen balio-katearentzat".

Debagoieneko bi hautagai zeuden aurtengo sariketan; erakunde pribatuaren sariketan Arrasateko Ainara Abasoloren Irrika gluten free bakery proiektua, eta erakunde publikoen multzoko hautagaien artean Elgetako Herri Eskolaren 'Hamaiketako osasungarria' programa. Baserritik Zuretzat kooperazio proiektuak eta Hernaniko Udalak jaso dituzte sari horiek, hurrenez hurren.

 

Sarituak gaurko sari banaketa ekitaldian. (Iturria: Landaola)

 

  • Erakunde Pribatuaren saria: Baserritik Zuretzat kooperazio proiektua.
  • Erakunde Publikoaren saria: Hernaniko Udala.
  • Emakumeak Landa Eremuan sari: Nagore Martin.
  • Urteetako ibilbideari saria: Artzain Eskola.

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak