Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkarteak banatzen ditu Landaola sariak, eta horren barruan daude Gipuzkoako sei Landa Garapen elkarte, horien artean, Deba-Garaia; mahai horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Landa Garapen ordezkariak ere badaude. Sarien helburua da landa garapen proiektuak errekonozitzea, eta aurten, Debagoieneko bi proiektu daude hautagaien artean.
Gozogintza eta okintza inklusiboa
Erakunde pribatuaren sarirako hautatu dute, beste bostekin batera, Arrasateko Ainara Abasoloren Irrika Gluten free bakery. Antolatzaileek honakoa hartu dute kontuan: "Gozogintza eta okintza inklusiboa eskaintzen du, glutenik gabe, modu osasungarrian eta bertako produktu ekologikoak erabiliz, askorentzat debeku diren bizitzako plazer gozoak guztion esku jarriz". Abasolok lantzen dituen espezialitateen artean daude sarrazeno gari-ogiak, moldeko ogia, opil ernalduak, tartak, gailetak eta bizkotxoak. Era berean, balioa eman diote eskualdeko produktu ekologikoak erabiltzea, 0 kilometro sustatuta: "Tokiko ekonomia garatzen eta landa inguruneko enplegua sortzen lagunduz".
Hamaiketako osasungarria
Erakunde publikoen multzoan –beste bost proiekturekin batera– hautagai da Elgetako eskolak, Ereindajan elkartearekin batera, abian jarritako hamaiketako osasungarria. Ekimenaren helburua hartu dute kontuan: "Elikadura osasungarria eta sasoikoa lantzea, opil industrialak kendu eta bertako produktu ekologikoen kontsumoa bultzatzea, tokiko produktuen ekoizpena sustatu eta ekoizle txikien lana ezagutaraztea, hondakin kopurua murriztea eta ikasleen artean ezberdintasunik ez egotea".
Beste bi sari egunean bertan
Beste bi sari ere banatuko dituzte egubakoitzean, hilaren 4an, Azpeitiko Azoka Plazan: batetik, emakume bati edo elkarte bati errekonozimendua agertzeko Emakumeak Landa Eremuan saria; eta bestetik, Urteetako Ibilbideari Saria, landa eremua sustatzen urteetan egindako lana aitortzeko. Bi horiek egunean bertan emango dituzte aditzera.