Letrazek, EHUko Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeak, egindako bi lanek hiru sari jaso dituzte Diseinu Grafikoko Sari Nazionalen 28. edizioan. Sinboloen eta hitzen artean/Entre símbolos y palabras liburuaren diseinua Argitalpen Editorial baten Diseinu Onenaren eta Liburu baten Azal Onenaren ataletan saritu dute; eta 50 urte, 50 diseinatzaile / 50 años, 50 diseñadores-as lana, aldiz, Kartel Onenaren atalean.
Arte Ederren Fakultateko irakasle eta ikertzaile Leire Fernandez oñatiarra da talde sarituaren kideetako bat. " Sari hauek gure taldearentzat aintzatespen bat dira, diziplina bati buruz, diseinu grafikoari buruz, dugun ikusmoldea berresten diguna, eta UPV/EHUtik pasioz irakasten, ikertzen eta proiektatzen duguna", azaldu du sariak irabazi ostean, eta gaineratu: "Era berean, sari hauek gure unibertsitateak bere erantzukizun sozialarekin bat datorren irudi publikoa proiektatzeko eta, aldi berean, kultur garapenean betetzen duen papera indartzeko egin duen ahaleginaren aintzatespena ere badira”.