Beste behin, ordu gutxitan agortuko dituzte Aloñako Igoerako dortsal guztiak. Antolatzaileek 300 lagunendako lasterketa prestatuko dute, eta iazko irabazleek, esaterako, gonbidapena jasoko dute [Malen Osa eta Aitor Ajuria izan ziren iazko irabazleak]: "Horiek aurrerago baieztatuko digute lasterketan egongo diren ala ez". Bada, Mikel Urrutiak onartu du pozik daudela izenemateak emandakoarekin: "Bai, pozik egoteko modukoa da. Beste urte batzuetan moduan, lehenengo herritarrei eman diegu izena emateko lehentasuna, eta asteburuan 64 oñatiar apuntatu dira. Beste urte batzuetako kopuru antzerakoa da, eta atzotik gaurrera ia dortsal guztiak agortu egin dira, 30 inguru geratuko dira". Ordu gutxitan agortuko dira horiek ere.