Iazko etenaren ostean eta ohi baino beranduago, Aloña inguruek berriz ere hartu dituzte lasterkariak gaur Aloñako Igoeraren XVI. aldiari esker.
218 izan dira irteera puntuan batu diren lasterkariak; korrika hasi aurretik baina, otsailean hil zen Gary Bañosi omenaldi bat egin diote. Eta horren ostean abiatu dira korrikalariak Oñatiko Foruen plazatik, tenperatura epelarekin. Aloñako tontorrean baina, oso bestelakoak ziren gauzak: haizea eta hotza. Gerora lasterketa amaitzen lehena izan den Aitor Ajuria bizkaitarra izan da goraino heltzen ere azkarrena eta zortzi segundora heldu da Imanol Goñi. Emakumeen artean, aldiz, Oihana Azkorbebeitia izan da Aloñara heltzen lehena, eta Malen Osa bigarrena.
Aloñako mendilerroa igaro eta berriz ere Oñatiko plazara heldu eta helmugaratzen lehena, esan bezala, Aitor Ajuria izan da bi ordu, lau minutu eta 46 segundoko denbora eginaz. Bigarrena izan den Imanol Goñik bi ordu, zortzi minutu eta 33 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko; eta hirugarren sailkatu den Beñat Etxabe bergararrak, bi ordu, bederatzi minutu eta 33 hamahiru segundo. Aipatu, Beñat Etxaberen anaia biki Jokin izan dela laugarrena.
Emakumeetan aldiz, Malen Osa izan da lehena, bi ordu, 26 minutu eta 23 segundorekin. Lorpen handia egin du gaur Osak: bera izan da Aloñako Igoeraren historian podiumeko lehen koxkara igo den lehen oñatiarra. Oihana Azkorbebeitiak Osak baino bi minutu gehiago behar izan ditu helmugara heltzeko, eta bi ordu, 28 minutu eta 23 segundoko denbora egin du. Emakumeetan hirugarrena ere oñatiarra izan da: Ainara Uribarri. Bi ordu, 34 minutu eta 46 segundotan bukatu du lasterketa Uribarrik.
Azkarren ibili diren beteranoen artean ere egon da debagoiendarrik: Eleder Lozano elgetarra izan gizonezkoen artean azkarrena eta Edurne Elkoroiribe oñatiarra emakumeetan hirugarrena.
Osa lehenengoan irabazle; Ajuria, hirugarren saiakeran
"Gogorra izan da, batez ere hasiera; oso azkar hasi gara. Nekatuta hasi naiz, baina gerora gorputza bere onera etorri zait; bukaeran banituen indarrak eta sufritu arren, merezi izan du", esan du lasterketa amaitzean Malen Osak. "Orain bi urte amestu ere ez nuen egiten lasterketa honetan parte hartuko nuenik eta gaur lehena izango nintzela esango bazenit, ez nizuke sinistuko. oso pozik nago. Hemen gainera, etxekoen artean... Asko hunkitu naiz helmugaratzean", gaineratu du.
Aitor Ajuriak hirugarren aldiz hartu du parte gaur Aloñako Igoeran; oraingoan baina emaitza oso ezberdina izan da: aurreko bietan bertan behera utzi zuen lasterketa. "Gakoa izan da Aloña igotzen Imanol Goñi apur bat atzean uztea lortu dudala. Hor behe-lainoak ere lagundu dit, ez zuelako uzten aurrean zeneukana ikusten. Oso ondo sentitu naiz", azaldu du Ajuriak egindako lasterketaren inguruan, eta erantsi: "Sorginen Lasterketaren ostean, Euskal Herriko lasterketa onena da Aloñako Igoera: benetan mendikoa da, polita, mendilerroarekin-eta... Niretzat, hamarrekoa merezi duen lasterketa da".
Bihar, 21:30ean eta 23:30ean, irabazleen, parte-hartzaileen eta antolatzaileen adierazpenekin eta lasterketak utzitako irudi ikusgarriekin osorik Aloñako Igoerari eskainita egongo den Harmailatik saioa emango du Goiena telebistak.
Sailkapenak
Gizonezkoak
1.- Aitor Ajuria
2.- Imanol Goñi
3.- Beñat Etxabe
Emakumezkoak
1.- Malen Osa
2.- Oihana Azkorbebeita
3.- Ainara Uribarri
Gizonezko beteranoak
1.- Eleder Lozano
2.- Zorion Barandiaran
3.- Jexux Mari Errazu
Emakumezko beteranoak
1.- Nerea Amilibia
2.- Edurne Elkoroiribe
3.- Edurne Arakistain
Gizonezko oñatiar onenak
1.- Asier Alonso
2.- Beñat Madariaga
3.- Unai Biain
Emakumezko oñatiar onenak
1.- Malen Osa
2.- Ainara Uribarri
3.- Edurne Elkoroiribe
Kalibre Saria
Aitor Ajuria
Gary Baños Saria
Mikel Arriola Muñozguren