Nafarroako Luzaide herrian Bolanteen Eguna ospatzen dute, eta egun horretan egiten dituzten zenbait dantza ekarriko dituzte, beste behin, herrira Oñatzeko dantzariek, txistularien eta soinu joleen musikaren doinuekin lagunduta.
Luzaideko dantzen bereizgarritasunetako bat dantzariek eramaten dituzten arropak izaten dira. "Neskenek, esaterako, asko pisatzen dute. Entsegurik ez dugu egiten horiek jantzita, baina dagoeneko badaramatzagu hiru bat aste domekan eramango ditugun takoiekin entseatzen, asko aldatzen da-eta dantza egiteko modua edota norberaren sentsazioa", azaldu du Oñatzeko Intza Osak.
Neskak, dantza guztietan
Orain artean mutilek bakarrik dantzatu izan dituzten Bolant dantza eta Sorginak eta euskaldunak kantuetan, gainera, emakumezkoek lehen aldiz dantzatuko dute. "Corpusetako dantzekin emandako pausoaren ostean, lehen aldiz dantzatuko ditugu neskek eta mutilek Luzaideko dantza guztiak. Azken dantza izaten da, eta nahiko zorrotza, gainera. Begi asko egongo dira, eta ea nola irteten den", azaldu du Osak.
Zapatuan, 210 dantzari
Kalez kale, askotariko pertsonaiez gain, 210 dantzari inguru irtengo dira zapatuan. "Larrialdi egoera zela-eta goizez bakarrik egingo genuela erabaki genuen. Baina argi genuen aurten inoiz baino zentzu handiagoa zuela Inauteriak ospatzeak, azken bi urteetan gertatutakoaren ostean, izurrite bat ekiditeko egiten den erritu bat delako. Bestetik, Oñatiko Inauteriak ospatuko ditugun hamargarren aldia izango da, nahiz eta guztiz ezin izango dugun borobildu", esan du Oñatiko Inauteriak taldeko Maite Irizarrek, baina guztia dagoeneko prest dutela gaineratu du.