Korrika ez da aurten Oñatitik pasatuko eta Debagoieneko AEK-ren proposamena Oñatin Korrika propio bat antolatzea da eta Elorregin egitea bat ofizialarekin. Horixe da Korrika batzordea eratzeko astean egindako bileran landu zuten gai nagusia.
Oñatin bertako Korrika egitea izan da planteamendua, ibilbide baten barruan, eta segidan, bidegorritik, Elorregiraino joan han Bergaratik Arrasaterako bidean pasako den Korrika nagusiarekin bat egiteko, 12:30ak aldera. Elorregitik Ekilore ingurura bitarteko kilometroan, Oñatiko eragileek eramango lukete lekukoa.
Ideia gustatu zaie bileran parte hartu zutenei, hezkuntzako ordezkariak gehienak, eta hori nola egin edo nola antolatu pentsatu eta erabaki beharko da hemendik aurrera. Korrika txikia edo korrika kulturaleko ekitaldirik egitea ez zen zehaztu, nahiz eta ondo iruditu.
Martxoaren 3an hurrengo bilera
Hurrengo bilera martxoaren 3an egingo dute, 18:00etan, kultura etxeko goiko pisuko gelan. Bilera irekia da eta kulturako eta kiroleko ordezkariak ere gonbidatuta daude, herritar guztiak bezalaxe. Martxoaren 5ean, Korrikako materiala saltzeko postua jarriko dute plazan, zuhaitz azoka egingo dela aprobetxatuz.