Maider Arregi: "Bollo-bertso saioek aliantzak sortu dituzte"

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko ots. 4a, 09:15

Maider Arregi, bertso saio batean, mikrofono aurrean kantuan. (Argazkia: 'Bertsolari.eus')

Ahozko kultur sorkuntza ikertzeko bekaren irabazlea da Maider Arregi eta "bertsolaritza mundu maskulinoa izateak bertan bollera gehiago egotea" ekarri duela abiapuntu moduan hartuta eta hipotesi horri tiraka, gaia aztertzen dabil.

Maider Arregi oñatiarrak Bollerak bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak ikerketa proiektuarekin lortu zuen azaroan EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak emandako beka. Gaia ikertzen dabil orain.

Nolatan hasi zinen gai hori aztertzen?

Donostian Gizarte Antropologiako masterra egiten ari naiz eta master bukaerako lana gai bati buruz egitea aukeratu behar nuen. Antropologiako masterrean asko lantzen da antropologia feministaren gaia, eta argi nuen hortik joan nahi nuela. Bertsolaritzan ikerketa asko egin dira feminismoari buruz, baina, agian, LGTB gaiei buruz ez hainbeste. Antropologiako lan hori egiten nenbilela irten zen bekara aurkezteko deialdia, eta, parean tokatu zitzaidanez, aurkeztu egin nintzen; beka eman zidaten, eta oso pozik nago.

Zein puntutan daukazu lana momentu honetan?

Euren burua bollera bezala izendatzen duten bost pertsonaren elkarrizketak eginda ditut. Euskal Herriko herrialde guztietan ez ditut topatu bertsolari bollerak, baina saiatu naiz adinaren eta herrialdearen arabera ahalik eta lagin zabalena hartzen. Bertso saio batzuen behaketa batzuk ere egin ditut, eta orain nabil marko teorikoa idazten. Gero, teoria lotu beharko dut elkarrizketa eta behaketa horiekin, eta ondoren, analisia egingo dut.

Zer aztertu edo ikusi ahal izan duzu, hasiera batean?

Abiatu nintzen hipotesi honetatik: bertso munduan daudela proportzioan dezente bollera gehiago gizartean ikusten direnak baino. Uste dut zerikusia daukala bertso mundua izatearekin espazio maskulinizatua, eta, askotan, bollera izateak badakar maskulinoa izatea; ez beti, baina hori ere ikertzen nabil eta ikusten dut oso modu desberdinak daudela bollera izateko eta beti ez dagoela maskulinitatearekin lotuta. Eta baita ere abiatzen naiz bollera izatearen ikuspuntu honetatik: bollera izatea ez dela bakarrik neskak gustatzea; orokorrean, bizitzeko modu bat dela.

Zein zailtasun ikusi dituzu orain  artean?

Batzuek esaten dute armairutik ateratzeko ez baldin badiote oso esplizituki horri buruz galdetzen, ez dutela esaten direnik. Ez dute arazorik esateko, baina, badaezpada, ez dute esaten. Zaharragoak direnek bai komentatu didate zailtasun hori. Eta bertso saioetan normalean jartzen diren gaiak, esaterako, "bikoteak zarete" diotenetan, jendeak bikote heterosexual bat imajinatzen du. Askotan, gaiak hortik jartzen dira, bizitza organizatzeko modu heterosexual baten ikuspuntutik; orduan, bollerak askotan daude kantatzen emakume heterosexualak izango balira bezala. Agian, ez dira zapalkuntza oso bortitzak, baina...

Eta zein aukera atzeman dituzu?

Bollo-bertso saioak sortu dira, eta, adibidez, horren bueltan badabil sortzen sare bat bolleren artean lesbianismoarekin edo bollerismoarekin lotutako gaiei buruz kantatzeko-eta, badabil sortzen horrelako aliantza berezi bat. Hori aukera moduan ikusten dut, gaia plazara ateratzeko modu bat da.

Zein ekarpen egin dezakete bollerek bertso munduan?

Gai berriak, oholtzan egoteko modu berriak eta emakumeen arteko aliantzak –ez dena bollerismotik bakarrik egiten, feminismotik egiten da–. Uste dut bollerak egotea oholtzan eta esatea esplizituki bollerak garela, horrek zabaltzen duela bidea gorputz anitzagoak plazan egoteko. Eta ez naiz bakarrik diskurtsora mugatzen, zabaltzen du modua generoa beste modu batera bizi duen jendea ere plazara animatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak