Gizarte arrakala da EH Bilduk antolatutako Hamar gai. Hamaika berba hitzaldi zikloko azken solasaldian hizpide izango duten gaia. Hemengo egoera zein den, COVID-19ak ekarritako eragin sozioekonomikoa eta gizarte zerbitzuen sistema izango dira, besteak beste, berbagai izango dituzten puntuak.
Hiru aditu datoz
Felix Arrieta politologoa da solasaldian parte hartuko duen adituetako bat. Bere esanetan, zaintza eta elikadura gabezia, esaterako, dira pandemiak areagotu baina erakundeen erantzuna baino gehiago gizartearena jaso duten bi egoera. "Sistemak aurretik erantzun diezaioke horrelako egoera bati, pertsonaren duintasunari begira. Ze eredu jarraitzen den, ondorio bat edo beste izan dezake, eta garrantzitsua da horiek ondo lantzea. Orain, adibidez, gizarte zerbitzuetako Espainiako legea ari dira lantzen, eztabaida publikora zabaldu dute oraintsu. Iruditzen zait garrantzitsua dela tokiko egoeraren diagnosi bat egitea eta posizionamendu bat hartzea, zer-nolako ekintzak gura diren definitzen lagunduko du horrek eta".
Arrietaz gain, Ana Sofi Telletxea Bizkaiko Caritaseko Analisi eta Garapen Saileko arduraduna eta EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarena etorriko dira datorren asteko solasaldira. Pobreziaren edo bazterkeriaren inguruko datuak eskuan dituela egingo du berba lehenak eta hemendik aurrerako aukerei edo proposamenei buruz mintzatuko da bigarrena.
Balorazio emankorra
Hamar gai. Hamaika berba hitzaldi zikloko hamargarren eta azken solasaldia izango da hau, eta zikloaren balorazio positiboa egin du EH Bilduk. "Emankorra" izan dela dio. "Helburua zen espazio bat sortzea gaiak sakonago landuz adituen eskutik eta herritarren parte-hartzearekin, eta pozik gaude emaitzarekin. Hizlariek ere gustura egon direla esan digute, beste aditu batzuekin batera solasaldian parte hartuz".
Gizarte arrakalari buruzko saioa eguaztenean, otsailak 2, izango da, 18:30ean, kultura etxeko zinema aretoan. Sarrera aurrez hartzea gomendatu du EH Bilduk.