COVID ziurtagiriaren kontrako elkarretaratzea egin dute Oñatin

Txomin Madina Milikua 2022ko urt. 29a, 17:35

Eskubideen Alde Oñati taldeak deituta egin dute mobilizazioa eta deitzaileak pozik agertu dira erantzunarekin. Salatu dute COVID ziurtagiriaren atzean "oinarrizko giza eskubideen urraketa" dagoela eta "baztertzailea" dela.

Deitzaileen esanetan, 200 pertsona inguru elkartu dira gaur 13:00etan Oñatiko Foruen plazan  COVID ziurtagiriaren kontra egin duten elkarretaratzean. Eskubideen Alde Oñati taldearen ekimenez egindako mobilizazioa izan da, eta bertako kideek modu positiboan baloratu dute deialdiak izandako erantzuna: "Ez genekien taldetik kanpo zein erantzun izango zuen eta oso pozik gaude, berez taldearekin harreman zuzenik ez duten herritarrak ere etorri direlako".

COVID ziurtagiriari ez! leloa zeraman pankartarekin egin dute elkarretaratzea. Izan ere, deitzaileen esanetan, oinarrizko eskubideen urraketa dago ziurtagiriaren atzean: "Batetik, hierarkikoki dekretu horren gainetik dauden legeak daudelako, eta bestetik, baztertzailea delako". Salatu dute, era berean, Oñatiko Udalaren eraikinetan sartzeko ziurtagiririk erakusten ez duten herritarrek ezin dutela horietan eskaintzen diren zerbitzuen erabilerarik egin: "Ziurtagiriaren atzean datu medikuak daude, eta ez dugu ulertzen zergatik diskriminatzen duten datu medikurik ez ematearren". Eskubideen Alde Oñati-koek  dagoeneko egin dute bilera bat udal ordezkariekin taldea aurkeztu eta dituzten eskaerak aurrez aurre azaltzeko. Hurrengo astelehenean, urtarrilaren 31n bigarren bilera bat egingo dute.

"Derrigortze-neurria"

COVID ziurtagiriak indarrean jarraitu dezan Eusko Jaurlaritzak egindako eskariaren harira, Eskubideen Alde Oñati taldekoek diote ez direla lege edo medikuntza kontuetan adituak, baina datuek erakusten dutela ez duela balio gaixotasunaren hedapena gelditzeko: "Abenduaren 4an martxan jarri zenetik datuek ez dute hobera egin. Intzidentzia tasak 3.000tik gora egoten jarraitzen du, eta R0 indizeak okerrera egin du azken egunetan". Zentzu horretan, diote argi geratu dela neurriak ez duela inongo ebidentzia medikurik, eta bestelako helburuak dituela: "Derrigortze-neurria da. Helburua da jendea txertatzera behartzea. Eta horrekin ez dugu bat egiten, txertatzea edo ez txertatzea norberaren erabakia delako, ez derrigorrezkoa".

Gaineratzen dute era berean, hainbat herrialdetan bertan behera geratu dela ziurtagiria; eta beste zenbaitetan, Danimarkan kasu, pandemia bera ere "atzean" utzi dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak