Hasi dira etorkizuneko musika eskola definitzen

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urt. 28a, 09:38
Errekalde auzoan dago egun Jose de Azpiazu musika eskola.

Zer-nolako zerbitzua eta eskaintza pedagogikoa eskaini behar dituen definitzen aritu ziren lehen lanketa saioan, eta izan behar duen gobernantza eredua eta espazioa izango dira gaur egingo duten bilera irekiko gaiak. Martxoan izango dute txostena.

Etorkizuneko musika eskolak zer-nolako zerbitzua eman behar duen, nori eskaini behar dion, zer egin dezakeen egun heltzea kosta egiten zaion sektore bat erakartzeko, ze funtzio bete beharko dituen, kulturako beste eragile edo elkarteekin nolako harremana izan behar duen, langilekoa nolakoa izan behar den... Horrelako gaiak izan zituzten hizpide musika eskola berria definitzeko egindako lehen saioan. Zerbitzua eta eskaintza pedagogikoa izan ziren gaiak. Bigarrena dute gaur, egubakoitza, eta ildo beretik joango da: parte-hartzaileek euren iritziak, esperientziak edo kezkak argituko dituzte eta guztia txosten batean jasota geldituko da. Geroko musika eskolaren oinarri izango den txostenean.

Lau lerro bi saiotan

Gaurko lanketa saioaren gaiak dira gobernantza eredua eta musika eskolaren eraikinak izan beharko duen espazioa. Egungo gobernantza edo kudeaketa modua aproposa den edo beste eredu bat egon daitekeen, eta egotekotan nolakoa izan ahal den; horiek izango dira galderetako batzuk, eta espazio berriaren ingurukoak besteak. "Musika eskolako eragile zuzenekin aurrez elkarrizketak egin nituen eta lau lerro horiek definitu genituen lanketa saioak egiteko. Iritziak emateaz gain, baieztapen batzuk ere botatzen ditugu, eta horren gainean duten ekarpena jaso", dio musika eskolaren etorkizuna finkatzen laguntzeko Udalak kontratatu duen Hiritik At enpresako dinamizatzaile Maialen Arregik.

Eraikin berria

Eraikin berria non eta nolakoa izango den. Jakin-mina dago herrian hori jakiteko, baina zer zerbitzu eta eskaintza eman gura den zehaztu eta erabaki barik hori ezin dela jakin dio Udaleko Kultura batzordeburuak, Iñaki Olaldek: "Lehenengo, jakin behar da zer eta nola eskaini gura duen bere eskaintza musika eskolak. Hor ikusiko da, adibide bat botatzearren, zenbat gela edo ze tamainatakoak beharko lituzkeen. Oraindik ezin da jakin nolakoa izango den, ezta non egongo den ere, tamaina edo ezaugarriak jakinda proposamen edo aukera bat beste bat baino hobea izan daitekeelako".

Musika eskolako zuzendaritzako kideak, irakasleak, hainbat ikasle eta ikasle ohi, herritar batzuk eta udal ordezkariak izan ziren lehen lanketa saioan; 20 bat laguneko taldea. Gaurko saioan ere hartuko dute parte, baina interesa duen edonor joan daiteke, irekia da. 18:30ean da, Eltzian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak