Mireia Gabilondo: "Ikusleak pertsonaiekin maiteminduko dira"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko urt. 29a, 09:29

Mireia Gabilondo eta Xabi 'Jabato' Lopez antzezlanaren une batean. Argazkia: Mikel Martinez.

Balkanetako ivor Martinic antzerkigileak idatzitako Semea pixka bat motelago dabil soilik lana eskainiko du Tanttaka taldeak Santa Ana antzokian domekan,19:00etan; apirilaren 3an Arrasateko Amaia Antzokian eskainiko dute.

Sari asko eskuratu eta herrialde askotako agertokietan sarritan antzeztutako istorioa da Martinicena. Urtarrilaren 14an "arrakastaz" estreinatu zuen Tanttakak Arriaga antzokian.

Buenos Airesen antzezlana ikusi, istorioarekin maitemindu eta lortu duzue zuenganatzea. Pozik?

Bai, horixe! Orain dela bospasei urte Muxua lanarekin Buenos Airesen eta Uruguain biran geundela, goiz baten areto batera joan eta ikusi genuen El hijo solo camina un poco más lento antzezlanaren testua izugarri gustatu zitzaigunez, moldaketa bat egiteko gogoa sortu zitzaigun. Hamar aktore behar direlako eta bestelako zailtasunak tarteko, atzeratzen joan gara, baina, halako batean, egun Bartzelonan bizi den Ivorrekin elkartu, eta baimena jasota aurrera egitea erabaki genuen. Pozik gaude, antzezlanak funtzionatzen duela ikusi genuen-eta Arriagako emanaldietan.

Zuk antzezten duzun Mia da protagonistetako bat. Nor da?

Gaixotasun degeneratibo bat duen Brankoren ama da. Semearengatik kezkatuta dago, oinez ibiltzeko gero eta traba gehiago ditu eta aulki gurpildunean dago; horrek mina eragiten dio amari eta ez dio uzten egunerokotasunean aurrera egiten, nahiz eta behin eta berriz saiatu.

Brankoren 25. urtebetetzea da istorioaren abiapuntua.

Hala da; ahalik eta ondoen ospatzeko gogoz, aztoratuta daude denak. Testuinguru horretan, beste pertsonaiekin dituen elkarrizketen bidez, Miak bere bizitzaren gainbegiratua egingo du. Orokorrean, emakumeak dira ikuskizunean protagonista, gauzak aldatzen ari diren arren, oraindik ere, etxe gehienetan moduan, emakumeek dute-eta zaintzaren ardura. Maitasunari buruz erpin askotatik hitz egiten du obrak, eta, horren bueltan, gaiak beldurra, bakardadea, gaixotasuna eta bestelako gai gehiago aterako dira.

Ikusleek, barre ala negar?

Tragikomedia bat da, hibrido bat. Tonu aldetik serioa da, baina, egunerokotasunetik kontatzen dugunez, baditu une alaiak ere. Familia baten istorioa da; hortaz, ikusle asko identifikatuta sentituko dira, eta pertsonaiekin maitemindu egingo dira asko. Ordu eta erdiko iraupena du.

Mireia Gabilondo, Martxelo Rubio eta Klara Badiolarekin. Argazkia: Mikel Martinez.

Hamar aktore; zeintzuk?

Adin askotarikoak behar genituen, eta aspaldiko lagunei parte hartzeko proposamena egin diegu; hortaz, gurekin daude, batetik, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz, Klara Badiola, Dorleta Urretabizkaia, Asier Hernandez eta laster Ane Gabarain ere sartuko Badiolarekin txandaka jarduteko. Eta gazteagoak daude, bestetik: Miren Arrieta, Ander Iruretagoiena, Xabi Jabato Lopez eta, estreinakoz gurekin lanean, Maria Redondo.

Zer diozu eszenografiaz?

Xumea eta adierazkorra da. Etxe baten planoa balitz moduan diseinatu du Fernando Bernues zuzendariak, lurrean itsatsitako zintekin etxeko gelak sortuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak