Bi oñatiarrak ondo aritu ziren kantxan, bakoitza bere norgehiagokan. Etxekolonea eta Mujika izan zituzten arerio Zelaiak eta Lopezek. Hasieratik jarri ziren aurretik gorriak. Markagailuaren bilakaera 7-1, 12-03 eta 22-09 izan zen. Nabarmentzekoa, oñatiarrak aurrean egindako lana.
Bigarren partida estuago joan zen, eta ikusteko ere zirraragarriagoa izan zen. Gorriz aritu zen Uxue Oses Egaña, Iturriaga bikote-lagunarekin batera. Aurrez aurre izan zituzten Kortazar eta Arrate Bergara Ezeiza bergararra. Urdinak aurreratu ziren markagailuan partidako lehen unean, eta lau tantoko aldea zabaldu eta mantendu zuten hasieran, gorriek atzetik aurrera egin eta 10na berdintzea lortu zuten arte. 11. 14. eta 16. kartoietan ere egin zuten bat bi bikoteek. Urdinak jarri ziren aurretik hurrengo bi tantoetan, baina 18nako berdinketaren ostean gorriak gehiago izan ziren. Hurrengo lau tantoak gorriak izan ziren, eta hala iritsi ziren 22ra.
Bihar eguerdian bi partida Antzuolan
Eusko Label Binakako Txapelketak beste jardunaldi bat izango du aste bukaeran Debagoienean. Hain zuzen ere, Antzuolan. Hor ere etxeko pilotari batek jokatuko du, Leire Galeano Mondragonek. Hala, Mondragon II.ak Rodriguezekin osatuko du bikotea, eta Santos eta Urriza izango dituzte aurrean. Jaialdiko bigarren partidan Etxeberria-Iraetak Iturzaetaren eta Azpeitiaren kontra jokatuko dute. Jaialdia 12:00etan hasiko da.