Iban Gonzalezek eta Iban Barrigonek martxan jarritako negozioa da Kimu-Urtxin loradenda. Lorezaleak bai, baina gutxi zekiten negozioari buruz orduan. Egun, baina, errotuta dute denda Oñatin. Sormena lantzeko eta jendearekin harremana izateko aukera ematen dien lana dela diote, baina aitortu dute hiletetan gogorra egiten dela ofizio honetan aritzea.
Landareei buruz ezer jakin gabe, zelan erabaki zenuten martxan jartzea negozio hau?
2004a ezkero ari gara lan honetan. Ordura arte, lan askotan aritu ginen, fabrikan, tabernan... Erabaki genuen bazela ordua negozio propioa jartzeko; buelta asko eman eta aukera ugari aztertu ostean, loradendaren aldeko apustua egin genuen, nahiz eta ez genekien ezer.
Nola ikasi zenuten?
Betidanik izan gara lorezaleak; dena martxan jartzeko, Bizkaiko elkartearekin harremanetan jarri eta Bilboko loradenda batera bideratu gintuzten. Bertan denboratxo bat eman, eta arduradunak erakutsi zigun ofizioa.
Zer da zuen lanak duen onena?
Onena, nire ustez, oso lan kreatiboa dela; azken batean, etengabe egin behar dituzu kolore eta forma konbinazioak. Bestalde, jendearekin harremanetan egoteko aukera ematen digu, tratua gertukoa da.
Eta kontrara, okerrena?
Okerrena, aldiz, oso lotuta gaudela; ordu asko sartzen ditugu hemen, eta, azkenean, guretako denbora gutxi geratzen zaigu.
Zerk du arrakasta handien?
Hildakoak ere garrantzitsuak izaten dira negozio honetan... Lore sortak dira gehien saltzen ditugunak, bai oparirako, baita hiletetarako ere. Landareak ere ondo saltzen dira, baita dekorazio artikuluak.
Hortaz, hilerrietara eta beilatokietara ere joan behar izaten duzue; ohituta zaudete dagoeneko?
Bai; orain ohituta gaude, baina hasieran oso gogorra egiten zitzaigun; batez ere, beilatokietan. Hilerrira joatea ezberdina da, gauez ere tokatzen zaigu batzuetan loreak lagatzera joatea, baina beilatokian familia ere egoten da, gogorragoa da.
Loreak erosten dituenaren profila zein da?
Ba, egia esanda, adin guztietakoak izaten ditugu. Ezberdintasunen bat igartzekotan, emakumezkoak etortzen dira gizonezkoak baino gehiago.
Beste zerbaitetan lan egin beharko bazenu, zertan?
Dendan arratsaldeetan egoteaz gain, goizetan fabrikan ere egiten dut lan. Bestela, irakasle izatea gustatuko litzaidake.